Síguenos en redes sociales:

Obra txikien udal-kudeaketa %102 areagotu du Getxok

Bigarren urtez jarraian, Getxoko Udalak obra txikien udal-kudeaketa % 102 areagotzea lortu du, 2022an proba pilotu gisa abiarazitako 'Aurretiazko jakinarazpen espresak' izeneko programa informatikoari esker, herritarrei obra-baimenak eta dagozkion ordainketak berehala eta modu pertsonalizatuan ebaztea ahalbidetu baitu.

Iñigo Urkitza Hirigintza Diziplina Zerbitzuko zinegotziak eman zituen datuok atzo, ohiko osoko bilkuran, EH-Bilduk aurkeztutako mozio bati erantzunez. Mozio horren bidez eskatu da kanpoko enpresa betek auditoretza bat egin dezala “Hirigintza Arloaren kaudimenari, prozedurei, beharrizanei, baliabideei eta eraginkortasunik ezari buruz, hirigintza-lizentziak lortzeko epe oso luzeak baitira, prozedurak ez baitira argiak, kudeaketa ekonomikoa hobetzeko adierazleak falta baitira…” . Eta mozio hori atzera bota da.

Zerbitzu horren bidez Herritarren Arretarako Bulegoetan (HAB) banan-banan erantzuten dira obra txikien inguruko eskaerak. Zifrek bermatzen dute egindako kudeaketa, kontuan hartuta obra txikien aurretiazko jakinarazpenen kopuruarekiko aldea: 2023an 1.733 izan ziren guztira, eta 2022an, berriz, 855 (+% 102). Aurten 1.839 konpondu dira. “Aplikazioaren bidezko kudeaketa berriari esker, obra txikien harrera arindu da, eta, gainera, autolikidazioak automatikoki sortzen dira, ordainketa-gutuna barne; hau da, herritarrek berehala ebazten dute obra- eta ordainketa-baimena”, adierazi du Urkitzak.

Fatxadei, estalkiei eta antzeko egiturei eragiten dieten lizentzien kudeaketari dagokionez, askoz gutxiago dira (2022an 508 izan ziren eta 2023an 367). Egia da espediente horien zenbatekoa nabarmen txikiagoa bada ere, askoz ere espediente konplexuagoak direla, izapide batzuk Udalaren mende baitaude, baina beste batzuk beste administrazio batzuen eta eskatzailearen beraren mende. Zailtasun horiek eta esku hartzen duten aldagaiak direla eta, kasu batzuetan dokumentazioa zuzentzeko errekerimenduak dituzten espedienteen pilaketa bat dago, denboran luza daitezkeenak” azpimarratu du Urkitzak.

Ildo horretatik, eraginkortasun handiagoa lortzeko asmoz landuak izaten ari diren alderdi batzuk zerrendatu dira:

  • Prozedurak, izapideak eta dokumentuak sinplifikatzea eta automatizatzea.
  • Udalak dituen tresna informatikoak ahalik eta ondoen erabiltzeko neurriak; horretarako, ahal den heinean, aurretiazko jakinarazpenetan lizentzia gisa aurkeztutako espedienteak bideratu eta tresna egokiekin kudeatuko dira.
  • Eskaeren zuzenketak saihestea eta murriztea.
  • Adimen Artifizialeko proiektu pilotu bat egitea dokumentuak berrikusteko eta egiturei eragiten dieten txostenak egiten laguntzeko, udalean eraldaketa digitala ezarri arte.
  • Diziplina Unitaterako aldi baterako programa, inplikatutako pertsonentzako lagungarria izango dena, batez ere lizentzien epeak hobetzera bideratuta daudenei dagokienez.

Dirulaguntzen ordenantza aldatzea

Bestalde, Udal Gobernuaren (EAJ-PNV eta PSE-EE) eta PPren aldeko botoekin, eta EH-Bildu eta Elkarrekin Podemosen abstentzioarekin, oniritzia eman zaio udalaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzen ordenantza orokorraren aldaketaren hasierako onespenari. Podemosek 19 zuzenketa aurkeztu ditu, eta horietatik bost onartu dira, genero-ikuspegia txertatzeko parametro jakin batzuk txertatzeari buruzkoak. Beste bederatzi ez ziren bidezkoak. Aldaketa horren bidez, Dirulaguntzei buruzko Legean egin diren lege-erreformetara eta berdintasunaren arloko araudira egokitu nahi da. EH-Bilduk eta Podemosek adierazi dutenez, ordenantza legez kanpokoa zen, eskaerak telematikoki bakarrik aurkezteko aukera ematen zuelako, hala ere, orain eskaerak aurrez aurre aurkezteko aukera ematen da.

Era berean, Bozeramaileen Batzordeak Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta egindako Adierazpen Instituzionalaren berri eman da. Halaber, osoko bilkura honetan, Gorka Mostajo Galdurozek EAJ/PNVko zinegotzi kargua hartu du, Mikel Erkoreka Gonzalezen ordez, irailaz geroztik Eusko Jaurlaritzako Erakundeen Baliabideetako zuzendaria baita.

Onetsitako mozioak

Aho batez onetsi da Elkarrekin Podemosek mural bat egiteko aurkeztu duen mozioa, zeinaren bidez indarkeria matxistatik bizirik atera diren emakumeak ikusarazi nahi baitira. Horretarako, Berdintasun Kontseiluak, kolektibo feministek eta herriko emakumeen elkarteek laguntza emango dute.

PPren bi moziori ere eman zaie oniritzia, lekukotza gisa: bata, Getxoko estankoetan metxero hutsak uzteko ontziak jartzeko, eta, bestea, Foru kalean arrapala mekanikoak jartzeko izapideak hasteko.

Herritarren galde-eskeen txandan, herritar batek banku altuagoak eskatu ditu plaza eta parkeetan, adineko eta/edo desgaitasuna duten pertsonak hirugarrenen laguntzarik gabe eseri ahal izateko.