Ostiralean goizean aurkeztu egin da Meatzaldeko Berbalagun programaren 18. edizioa, Abanto Zierbenako udaletxean egindako prentsaurreko batean. Ekimen honek eguneroko bizitzan euskararen erabilera sustatzea da. 'Euskara ZU zara' izango da aurtengo edizioaren leloa.
Aurkezpenean izan ziren, Iñaki Urrutia del Cura, Abanto Zierbenako alkatea; Ainara Leiba Zabalbeitia, Muskizko alkateordea eta kultura, hezkuntza eta kirol arloko lehendakaria; Saulo Nebreda Trevejo, Ortuellako alkatea; Natalia Martínez, Trapagarango ogasun zinegotzia eta ta Alicia Gil, Berbalagun programaren dinamizatzailea.
Mintzapraktika programetan ez dago ez zahar, ez berri; ez hango, ez hemengo... Hiztun guztiek gustura eta lasai egiten dute euskaraz, euskaldunon komunitatea indartu eta zabaltzeko. Meatzaldeko Berbalagun programaren 18. edizioa da aurtengoa. Iaz Meatzaldeko 100 biztanle baino gehiagok parte hartu zuten proiektuan eta denek bikain baloratu zuten. Gainera, adierazi zuten, Berbalagunen parte hartzen dutenetik, euskara askoz gehiago erabiltzen dutela eta haien euskara-maila hobetu dela. Urrian izena emateko kanpaina martxan jarri zen eta dagoeneko 60 lagun animatu dira. Izen ematea oraindik zabalik dago eta, datozen asteetan, talde berriak abian jarriko dira. Gainera, on-line egiteko aukera ere egongo da, hilabete honetan bertan zabalduko da izen-ematea.
Antolatzaileek azaldu dutenez, izena ematen dutenek bi helburu nagusi dituzte: batzuk euskara maila hobetzea eta beste asko euskaraz lagun berriak egitea. Zentzu horretan, helburu biak uztartzen dira Berbalagun programan eta edozeinek har dezake parte: euskaltegietako ikasleek, ikasle ohiek, euskara maila hobetu nahi dutenek, euskaldunek...
Berbalagunen taldeak, normalean, txikiak dira, 4-5 lagunekoa, giro lasaia eta lagun artekoa eskaintzeko; parte hartzaileek eurek erabakitzen dute non eta noiz batuko diren. Halaber, aurten berriro ere eskaintzaren barruan Irakurzale kluba izango da, zeinetan taldekideek liburu bat aukeratzen duten eta, irakurri ondoren, komentatzeko elkartzen diren.
Familientzako eskaintza ere bada: Gurasolagun. Horren bitartez, guraso euskaldunak eta ikasten ari direnak egoera berean dauden beste familia batzuekin harremanetan jartzen dira eta tailer edota jolasak egiten dira. Helburua da hizkuntza ohiturak aldatzea, hau da, familien arteko harreman berri horiek euskaraz izatea. Familientzako eskaintza borobiltzeko ikasturtean zehar asteburu-pasak ere antolatzen dira.