Gurot, euskal kultura eta kultura unibertsala euskaraz eta online lantzeko tribial jokoa, funtzio berritzaileekin itzuli da. Bizkaiko 14 udalerritako udalek, Galdakaokoak haien artean, elkarlanean berritu dute aplikazioa (gurot.eus webgunean eta Play Store-n eskuragarri), erabiltzaileentzat errazagoa eta erakargarriagoa izan dadin. Astelehenera arte 3.000 galderatik gora ditu martxan, eta sei hilabeterik behin galdera berriak gehituko dira, bai galdera unibertsalak eta tokian-tokikoak. Zortzi esparrutako galderak daude guztira: aisia, artea, gizartea, hizkuntza, kirola, kultura, natura eta zientzia.

Lehiaketa formatuan jokatzeko abiarazitako jokoa da Gurot, astelehenean, urriak 28, hasi, eta abenduaren 15a artean jokatuko dena. Hala ere, erabiltzaileak edozein momentutan erregistratu daitezke berehala jolasten hasteko. Gehienez ordubete aritu ahal izango da egun bakoitzeko eta, ateak guztientzako zabalik dituen arren, banatuko diren 3 sarien zozketan 12 eta 18 urte bitarteko gazteek soilik hartuko dute parte.

Honakoak dira banatuko diren sariak: asteburu pasa zein esperientzia bonoak Tarragonako Port Aventuran, Toledoko Puy du Foun eta Euskal Herriko nekazal turismo etxe batean bizitzeko. Horiek lortzeko aukera izateko jokalariek ahalik eta puntu gehien bildu beharko dituzte galderei zuzen erantzunez.

Zozketak abenduaren 16an egingo dira eta sariak honela banatuko dira: lehenengo saria puntu gehien lortzen dituen erabiltzaileak jasoko du zuzenean; bigarren saria banatzeko zozketa egingo da puntu gehien egin dituzten 15 erabiltzaileen artean; eta hirugarren saria banatzeko zozketan puntu gehien egin dituzten lehen 50 erabiltzaileek hartuko dute parte. Sariak 2025eko urtarriletik abendura bitartean erabili beharko dira.

Astelehenean jarriko da martxan lehiaketa, eta horretarako izena eman beharko da gurot.eus webgunean. Bestalde, Gurotek urtarrilean hasiko du taldeen arteko lehiaketa, non iaz 231 hirukotek parte hartu zuten. Finala San Mameseko Ipar Aretoan jokatu zen eta finalistak 500 lagunen aurrean lehiatu ziren.