BBK Herriz Herri ekimenak lau jarduera eramango ditu Etxebarrira urrian zehar: Artearen Ibilbidea, Bakardade Ikusezina, Haurkuna eta BLUE izenekoak. Programa horren helburua eragin sozial positiboko proiektuak lantzeko ekimenak jendeari hurbiltzea da.

Urriaren 14an, hasi eta hilabetean zehar, udalerriko bizilagunek hainbat jarduera izango dituzte, hala nola “Artearen Ibilbidea”, Bilboko Arte Ederren Museoarekin elkarlanean egindako ekimena, artelanen erreprodukzioak biltzen dituen aire zabaleko erakusketa; “Bakardade Ikusezina”, Rubén Orozco artista mexikarraren ‘Mercedes’ eskultura hiperrealista, gura bako edo nahi ez den bakardadea ikusarazi nahi duena; “Haurkuna”, Garapen Jasangarrirako Helburuak haurrei hurbildu nahi dizkien jarduera; edo Madman Films-en BLUE dokumentalaren proiekzioa, krisi klimatikoak ozeanoen bizitzan dituen inplikazioak jorratzen dituena.

Artearen Ibilbidea

  • Data: urriaren 14tik 20ra. Lekua: Udaletxeko plazan

Erakusketa ibiltari hau BBKren eta Bilboko Arte Ederren Museoaren arteko lankidetzaren emaitza da, eta artea eta kultura Bizkaiko lurraldera eta herritarrengana hurbiltzen laguntzea du helburu, espazio publikoetan kalitate handiko artelanak erreproduzituz.

Haurtzaroa Artean/La Infancia en el arte lelopean, gai horrekin zerikusia duten artelan esanguratsu batzuen erreprodukzioek osatuko dute erakusketa, Bilboko Arte Ederren Museoan daudelarik horien original edo jatorrizko lanak. Dagozkien azalpen-audioekin batera (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez), telefono mugikorretan doan deskargatu ahal izango dira QR kode baten bidez.

Bakardade Ikusezina

  • Data: urriaren 21etik 31ra Lekua: Kiroldegiaren sarreran

“Bakardade Ikusezina” erakusketak biztanleria osoari eragiten dion epidemia isil bat jartzen du mahai gainean, horren aurka jardutea gehiago kostatzen zaigularik zahartu ahala: adinekoen gura bako edo nahi gabeko bakardadea. Kanpainaren asmoa gero eta agerikoagoa den arazo sozial bat agerian jartzea da, kontzientziatzeko eta ekintzara deitzeko azken helburuarekin. Beharrezkoa da banakako erantzukizunetik heltzea, gizarte gisa zelan eragiten digun ezagutuz eta gure lotura komunitario eta sozialak sendotzen lagunduz, zainketak eta elkartasuna gure bizitzetan balio garrantzitsuak bihurtuz. Jarduera ‘Mercedes’ eskultura hiperrealista, Bakardade Ikusezina kanpainaren ardatz nagusia, erakustean datza, udalerri bakoitzean bi asteko iraupenarekin.

Haurkuna

  • Data: urriak 20 Lekua: Udaletxe plaza

Haurkuna BBK Kunan sortutako jarduera bat da, jolasaren bidez sentsibilizatzea eta inpaktu positiboa sortzea bilatzen duena, txikienak 2030 Agendara eta gizarte gisa etorkizunean izango ditugun erronketara hurbiltzen diren bitartean.

Hori guztia 5 eta 11 urte bitarteko umeentzako tailerren bidez lortzen du Haurkunak. Tailer horietan, hainbat jolas-jardueraren bidez, garapen jasangarriarekin lotutako balioak landuko dira, sormena eta lankidetza bultzatuko duten dinamiken bidez.

BLUE

  • Data: urriak 24 Lekua: Kultur Etxea

Madman Filmsen film luze dokumentala da, krisi klimatikoak ozeanoen bizitzan dituen ondorioak jorratzen dituena. Azken 40 urteetan itsas bizitzaren erdia galdu da, eta 2050ean plastiko gehiago egongo da itsasoan arrainak baino. ‘Blue’ren protagonistak habitat horren kontserbazioaren alde borrokatzen diren pertsona sutsuak dira, eta herritarrei gogorarazten diete orain dela jarduteko unea. Sarrera librea izango da lekua bete arte.

Herriz Herri, gizarte-eragin positiboa Bizkairako

Lehenengo edizioan izandako arrakastaren ondoren, BBK-k Herriz Herri proiektua jarri du abian berriro. Ekimen ibiltari horren helburua Bizkaiko ahalik eta udalerri gehienetara iristea da, aukera-berdintasuna, gizarteratzea eta garapen jasangarria sustatzen dituzten eta 2030 Agendarekin eta GJHekin bat egiten duten proiektuak elkarrekin lantzeko. Bizkaiko 52 udalerrik bat egin dute ekimenarekin.

Proiektu honekin, bizkaitarren kohesioarekin eta ongizatearekin duen konpromisoa erakusten du BBK-k, eta katalogo berritua aurkezten du. Katalogo horretan, Artearen Ibilbideaz gain, lurraldeko hainbat udalerritan gauzatuko diren ekimen berriak jasotzen dira: gazteei zuzendutako proposamenak kolektibo hori motibatzeko eta berdintasuna eta tratu ona bultzatzeko; emakumeari, inklusioari edo kulturartekotasunari buruzko gaiak lantzeko ikaskuntza-komunitateak; klima-aldaketari buruz kontzientziatzeko ziklo bat; eta haurrentzako tailer ludikoak, 2030 Agendaren inguruan sentsibilizatzeko.