Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek bereziki diseinatutako eta hornitutako edukiontzi eramangarria Sopelako udaletxeko plazan egongo da datorren igandean, urriaren 20an, goizeko 10:30etik 14:30era. Ekimen horren bidez, suhiltzaileek suteen aurkako segurtasunaren eta autobabesaren printzipioak erakusten dituzte lurraldeko udalerrietan, modu ludikoan baina aldi berean didaktikoan. Oraingo honetan, Uribe Kosta eskualdearen txanda izango da.

Alde batetik, edukiontzi eramangarri zabalgarria erabiliko dute hitzaldiak, adibide praktikoak, tailerrak eta ginkanak egiteko, eta, bestetik, autoponpa-kamioi bat ere izango dute. Jarduerak erreferentziazko parkeko suhiltzaileek egingo dituzte, kasu honetan Artazakoek, Uriosteko (Ortuella) kideen laguntzaz. Ekimen horren bitartez, herritarrak sentsibilizatu nahi dituzte, oro har, baina haurrak eta gazteak bereziki, suteen aurkako prebentzioaren garrantziaz.

Jardueretarako ordutegia

  •  10:30 - 11:30: Hitzaldia txikienentzat, hau da, 6 eta 12 urte bitartekoentzat.
  •  11:40 - 12:50: Hitzaldia gazte eta helduentzat (12 urtetik gorakoentzat).
  •  13:00 - 14:15: Adin guztietako taldekako ginkana.
  •  14:30: Sari-banaketa eta ekintzaren amaiera.

Uribe Kostara egindako bisita horrekin, Bizkaiko eskualde guztietatik egiten ari den ibilbidea osatuko du foru-erakundeko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko ikasgela mugikorrak, eta suteen aurkako segurtasunaren eta autobabesaren printzipioak sustatuko ditu herritarren artean, eta, bereziki, jardueretan parte hartzen duten haur eta gazteen artean.