Getxoko enpresek langileak kontratatzeko dirulaguntzak jasoko dituzte
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 496.695 euroko dirulaguntza eman dio Getxoko Udalari, 2024ko Enplegua Sustatzeko Tokiko Ekintzetarako Laguntzen deialdiaren barruan. Dirulaguntza hori, alde batetik, Getxoko enpresentzako kontrataziorako laguntzetara bideratuko da (134.195 euro), eta, bestetik, enplegua sustatzeko jardueretara, Lanbiden izena emanda dauden 29 langabe getxoztar kontratatuta (362.500 euro).
Juanma González Getxolan-Sustapen Ekonomikoko zinegotziak adierazi duenez, "enplegua sustatzeko dirulaguntza honen helburua da langabeei aldi baterako lan-esperientzia eskaintzea, haien kualifikazioa eta/edo gaitasun pertsonalak eta motibazioa indartzeko".
Enpresentzako kontrataziorako laguntzak
Laguntza hauek zuzenduta daude Getxon erroldatuta dauden eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeak kontratatu dituzten tokiko enpresei. Kontratuak 2023ko uztailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era bitartean hasita egon behar dira. Mugagabeak eta lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izan behar dute, gutxienez lanaldiaren %50ekoak. Aurten ere diruz lagunduko dira artisten eta ikuskizun publikoetako teknikarien eta laguntzaileen iraupen jakineko kontratuak (horien gutxieneko iraupena 3 hilabetekoa izango da; eta lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke, gutxienez lanaldiaren %50ekoak).
Deialdi bakarra egingo da, eskabideak aurkezteko epe bakarra izango du: deialdia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik (urriaren amaieran, ziurrenik) 2024ko abenduaren 31ra arte. Eskabidea aurkezten den hurrenkeraren arabera emango dira eskabideak, betiere behar bezala beteta badaude eta espedientea osatuta badago eta aurrekontu-kredituaren mugaraino.
Udal kontratazioak
Enplegua sustatzera bideratutako dirulaguntzak (362.500€) langabeen enplegagarritasuna handitzea du helburu, haien kualifikazioa eta/edo gaitasun pertsonalak eta motibazioa indartuko dituen aldi baterako lan-esperientziaren bidez. Getxoko 29 langabe kontratatuko dira 27 udal-proiektutarako.
Hauek dira eskatutako profilak: 19 administrari; 1 web eta multimedia analista programatzaile eta/edo diseinatzaile grafiko eta multimedia; 1 telekomunikazioetako teknikari eta/edo telekomunikazio-ekipo eta -sistemen instalatzaile eta/edo sare-sistemen administratzaile. Halaber, 4 erdi-mailako teknikari (1 enpresa-aholkulari, 1 aholkulari juridiko, 1 publizitateko eta/edo harreman publikoetako teknikari eta/edo kazetari, 1 eta gizarte-hezitzaile) eta 4 langile (1 eraikinen mantentzaile eta 3 margolari). Kontratu guztiek 6 hilabeteko iraupena izango dute eta lanaldiaren % 50ekoak izango dira, langileak izan ezik, horiek lanaldi osorako kontratatuko baitira.
Kontratazio horietarako hautagaiak Euskal Enplegu Zerbitzuan erregistratutako eskaintzaren bidez hautatuko dira. Urriaren 22an hasiko da parekatze eta hedapen bidezko eskaintzen kudeaketa, eta, beraz, interesdunek ezinbesteko baldintza izango dute egun horretan lanik gabe eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea. Gainera, ezinbesteko baldintza izango da lanposturako eskatzen den gutxieneko titulazioa eta/edo prestakuntza egiaztatzen duen agiria izatea eta Lanbideren curriculum vitaean jasota edukitzea, eskatutako okupazioan inskribatuta egotea eta Getxon erroldatuta egotea.