Lurraldeko merkataritza sustatzeko erronkarekin aurrera doa Bizkaiko Foru Aldundia. Hala, merkataritza-jarduera lehiakorragoa izan dadin, 430.000 euroko aurrekontua bideratuko ditu CECOBI-Bizkaiko Merkataritzako Enpresari Konfederazioa, BilbaoDendak eta Bizkaidendak merkatarien elkarteetara.
Demografian, teknologian eta ingurumenean eraldaketa handiak gertatzen diren testuinguru batean bizi gara, eta merkataritza-sektoreak erronka izugarriei egin behar die aurre. Tokiko saltoki txikiak, batez ere, eraldatu egin behar dira, merkatuan dauden beste banaketa-operadore batzuen ondoan ibili ahal izateko.
Errealitate horrek Bizkaiko Foru Aldundia bultzatzen du merkatarien elkarteekin lankidetza estuan jarraitzera, tokiko negozio horiek errazago egokitu eta modernizatzeko, negozio-eredu berrietara hurbil daitezen, eta kanal berriak ireki ditzaten salmentan nahiz bezeroekiko harremanetan.
Foru Gobernuak eta elkarteek bat egiten dute Bizkaiko tokiko saltoki txiki bakoitza bakarra, berritzailea, digitalizatua eta kontsumitzaileen itxaropen berrietara egokitua izan dadin lortzeko helburuarekin, ingurune dinamiko eta aldakor batean. Horretarako, jarduketa hauek egingo dira:
- Sektorearen ezagutza hobetzea, karakterizazio-azterlanen bidez
- Salmenta-prozesu eta -kanalen digitalizazioa sustatzea, foro, prestakuntza-ikastaro, tailer eta aholkularitza indibidualizatuen bidez
- Sektorearen profesionalizazioan eta lehiakortasunean eragitea, sentsibilizatzeko eta gaitzeko ekintzen bidez
- Berrikuntza-kultura bat sortzea, prestakuntza-jardunaldi eta -programen nahiz aholkularitza espezifikoen bidez
- Saltokien ikusgarritasuna handitzea kontsumitzaileen aurrean, hurbileko merkataritzari balioa emanez eta kontsumo arduratsuari buruz kontzientziatuz
- Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea
CECOBI, BilbaoDendak eta Bizkaidendak, txikizkako merkataritzaren alde
CECOBI Bizkaiko Merkataritzako Enpresari Konfederazioak, Bizkaiko Merkataritzaren Behatokitik, merkataritza-jardueraren negozio-ereduak ezaugarritzeko lanean jarraituko du, sortutako saltoki berriak eta pandemiaren ostean itxitakoen ondorioz sortutako okupazio-mapa berria aztertuta. Tokiko merkataritza txikiaren profesionalizazioa eta berrikuntza «Merkataritza Irekia Bizkaian» programaren bidez bultzatuko dira. Programa horren inguruan, azpisektore jakin batzuei zuzendutako tailerrak, hitzaldiak eta aholkularitza espezializatuak garatuko dira, erronka eta behar espezifikoen inguruan. Garrantzi berezia emango zaio jardunbide eta ekimen berritzaileak txertatzen dituzten saltokiak laguntzeari, lehiakideengandik bereizteko eta etorkizunean bideragarriak izan daitezen. Lurraldeko merkataritza-establezimenduen buru den emakumearen irudia ere nabarmenduko da.
Bestalde, BilbaoDendak-ek, Bilboko merkataritza- eta turismo-jarduera sustatzeko elkarte publiko-pribatuak, digitalizazioa eta omnikanalitatea bezalako funtsezko eremuetara bideratuko ditu sektorearen prestakuntza- eta sentsibilizazio-jarduketak: ezagutza eta tresnak eskainiko dizkio, adimen artifiziala bezalako teknologiek eta kontsumo arduratsuaren ereduak (slow-shopping) ekarritako aukerak hobeto ezagutu eta identifikatzeko, tokiko merkataritzaren alde egiteak dakartzan balioak ezagutarazteko eta herritarrei ikusarazteko badela kontsumitzeko beste modu bat.
Azkenik, Bizkaidendak Bizkaiko Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu-enpresen Federazioak zenbait ekintza abiaraziko ditu sektorearen lehiakortasuna hobetzeko eta haren digitalizazioa ahalbidetu eta sustatzeko. Horretarako, salmentak hobetzeari eta merkataritza-kudeaketako teknika berriei buruzko prestakuntza-programa bat garatuko dute, besteak beste, eta informazio eta aholkularitza espezializatua eskainiko dute. Berrikuntza suspertzeko helburua duten jarduerak bideratzeko, lurralde osoan zehar banatutako saltokiak identifikatzeko eta ezaugarritzeko lana egingo du, ekimen edo negozio-eredu berritzaileekin, arreta berezia jarriz serbitizazio-estrategien alde egiten dutenei.