Urtero bezala, harrera bikaina izan dute Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako udalekuak. Astelehen honetan goizean, Bizkaiko ahaldun nagusi den Elixabete Etxanobek Gorlizko zentroa bisitatu du. Aurten Bizkaiak 1.498 plaza eskaintzen ditu, 7 eta 13 urte bitarteko haurrei bideratutakoak, eta horietatik 1.392 euskaraz dira.
Etxanobek azpimarratu duenez, aurten handitu egin da «Udalekuak 2024» kanpainarako Bizkaian eskainitako plazen kopurua. «Programa honek, dibertsiorako eta ikaskuntzarako espazio bat eskaintzeaz gain, gure kulturaren eta hizkuntzaren sustraien aldeko konpromiso sakona ere erakusten du. Testuinguru horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak 210 plaza gehiago eskaini ditu aurten, haur gehiagok izan dezaten aukera esperientzia errepikaezin honetaz gozatzeko», nabarmendu du ahaldun nagusiak.
«Udalekuak 2024» kanpainak euskara, kultura eta kirola sustatzen ditu
«Udalekuak 2024» kanpaina uztailaren 1ean hasi zen, eta 29ra arte luzatuko da. Euskara, kultura eta kirola txikitatik sustatzera bideratuta dago. Hiru lurraldeetako 16 instalaziotan egiten dira udalekuak, eta, horietako 7, foru erakundeak kudeatzen ditu. Bizkaiak zazpi eguneko egonaldiak eskaintzen ditu, aterpetxe hauetan: Gorliz, Lapurreketa (Dima), Lurraska (Ajangiz), Zugaztieta (Trapagaran), Meakaur (Morga) Legasa (Bertiz-Arana) eta, aurten lehenengo aldiz, Gorozika (Muxika). Instalazio horietan guztietan hiru lurraldeetan erroldatutako haurrek parte hartzen dute, aldundien artean plazak trukatzeko aukerari esker. Parte-hartzaile bakoitza erroldatuta dagoen lurraldean inskribatuko da.
Bizkaiaren kultura- eta kirol-nortasuna islatzen duen hezkuntza- eta jolas-esperientzia
Bizkaian, parte-hartzaileei jardueren sorta zabala eskaintzen zaie, hala nola ingurumen-esperientziak baserri-eskoletan, kirola (piraguismoa, mendi-ibiliak eta bela) eta jolas-jarduerak (jolasak, txangoak eta tailerrak). Programa diseinatuta dago lurraldearen kultura- eta kirol-nortasuna islatzen duen hezkuntza- eta jolas-esperientzia bat eskaintzeko, eta hazkunde pertsonala eta ingurune seguru eta aberasgarri batean ikastea sustatzen du.
«Udalekuak 2024» kanpainako udalekuen helburua da autonomia pertsonala indartzea, aisialdi-jardueretan kultura eta euskararen erabilera sustatzea, eta bizikidetzaren, berdintasunaren eta ingurumenarekiko errespetuaren balioak bultzatzea. Ekimenak, oporrez gozatzeko espazio bat eskaintzeaz gain, elkartasuna eta adiskidetasuna ere sustatzen ditu.