Herri txikia izan arren, jai-giroa nabaria izango da uztailaren 4tik 13ra luzatuko diren Zaldibarko jaietan. Izan ere, egun gutxi barru Donien Atxa ipintzearekin batera herriko jaiak hasiko dira, eta hurrengo egunetan zehar zaldibartarrek zein bisitariek etxean gelditzeko aitzakirarik ez izateko moduko egitarau oparoa izango dute. “Argi daukagu herri txikia izanagatik herri bizia garela. Zorionez, Zaldibarren elkarte sare eder eta anitza daukagu, bakoitzak beretik eragin eta herriari ezinbesteko ekarpena egiten diona. Udalak guzti-guztien lana eskertu eta aitortu nahi du, bai jaietan zein urte osoan zehar antolaturiko ekitaldiengatik”, nabarmendu zuen Eneritz Azpitarte alkateak atzo arratsaldean eskainitako jaietako aurkezpen ekitaldian. 

Agerraldian, udal ordezkariak, jai batzordeko kideak, elkarteak eta txupina jaurtitzeaz arduratuko diren gaztetxeko kideak egon ziren. Horrez gain, hitzordu berean, jaietako kartel lehiaketako irabazleak saritu ziren; Markinako Igor Aizpiri eta Sonia García, Iker Villanueva zaldibartarra eta umeen kategorian Mikel Urizar.

Esan beharra dago aurtengo jaien txupina gaztetxeko kideek botako dutela eta Jose Luis Mendilibar futbol entrenatzaileak merezitako omenaldia jasoko duela. Gauzak horrela, uztailaren 4tik 13ra bitartean 40 ekitalditik gora barnebiltzen dituen egitaraua prestatu dute. “Anitza, herrikoia, parte hartzailea eta askotariko adin tarteei begirako jai programa izango da”, azpimarratu zuten. 

Bestalde, programazioari dagokionez musika arloan uztailaren 5ean Belako, Tatxers eta Malakias MX3 taldeen kontzertuak nabarmentzen dira, Altxa Porru taldearekin erromeria izango da txosnagunean (hilaren 6an) eta uztailaren 7an, berriz, Zaldibarko Koralaren emanaldia.

Ekitaldi herrikoien artean, aipagarriak dira kuadrillen arteko txallenge erronkak (datorren ostegunean, ostiralean eta larunbatean), odoloste-jana (osteguna), herri bazkaria zein afari-merienda (larunbatean biak). 

Eta nola ez, kirola ere protagonista izango da eta ez dira faltako herri kirolak eta pilota partiduak (ostirala), 3x3 saskibaloi txapelketa eta arku-jaurtiketa (larunbata), eta Antonio Gutiérrez ‘Guti’-ren omenezko txirrindularitza proba. Aipaturikoez gain, LJ75 kale antzerkia, umeentzako apar-festa, umeen jolas parkea, bertso saioa, euskal dantzen erakustaldia, su-artifizialak eta familientzako mendi irteera programatu dira.

Eitzagako Jaiak Herriguneko jaiez aparte, asteburu honetan bertan San Pedro jaiak ospatuko dituzte Eitzagako auzoan. Ekitaldiak ostiral honetan, hilak 28, hasi eta igandean amaituko dira. Besteak beste, honako ekintza hauek izango dituzte: nagusientzako bazkaria, umeentzako pintura eta marrazki lehiaketa, paella-txapelketa, saiheski-jan herrikoia, bolo txapelketa, Aiama erromeria taldearen kontzertua eta Herri-Kirolak.

Ate joka dauden jaiei begira Zaldibarko Udalak eta Jai Batzordeak argi utzi nahi izan zuten ez dutela ezelako erasorik onartzen, ez jaietan, ez gainerako egunetan eta gogoratu zuten “112 eta 900 840 111 telefonoetan zuzeneko zerbitzu konfidentziala eskaintzen da bai informazioa eta bai laguntza emanda”.