Pasa den maiatzean Marta Calvok Durangaldeko Ikerlari Gazteen hirugarren deialdiaren saria jaso zuen. Azken hilabeteetan Frankismoaren garaian Abadiñon izan zen Auxilio Social barnetegia ikertzen aritu da eta elkarrizketa honetan gaiaren nondik norakoak eta egindako ikerketa lana errepasatzen ditu.

Udazkenean kaleratuko den Astola aldizkarian lanaren laburpen bat argitaratuko du Gerediaga Elkarteak. Zer aurkituko du irakurleak?

—Ba askorentzat ezezaguna izan den istorio bat. Irakurlea haurrei zuzenduta zegoen erakunde falangista baten istorioan murgilduko da, baina erantzunak baino gehiago galderak sortuko zaizkio. Bizkaian Auxilio Social-eko hainbat egoitza egon ziren eta Abadiñokoa hasieran egokitu zirenetako bat izan zen. Nuestra Señora de Begoña izena zuen eta hezkuntza militar eta erlijiosoa ardatz zituen adoktrinamendu sistema baten barnean kokatzen zela esan dezakegu. 3 eta 7 urteko 65 bat ume izan zituen aldi berean, neskak zein mutilak. Mugimenduko emakume batek zuzentzen zuen, Eugenia Díez edo Díaz Urrutiak, eta, dakigunez, erakundeak haurren halabeharrezko jaunartzeak bideratzen zituen babesaren diskurtsoa erabilita.

Zenbat denbora eraman dizu ikerketa lan honek?

—Hurbilpen bat da eta, beraz, bukatugabea. Hiru bat hilabetez dokumentatzen ibili nintzen. Batetik, Estatuan Auxilio Social barnetegiei buruz egin diren beste ikerlanetara jo nuen eta, bestetik, Euskadin errepresioa pairatu zuten eta lotuta dauden kolektiboei buruzko ikerketetara, hau da, gerrako umeak, emakumeen kartzelak eta kontzentrazio esparruetan egondako pertsonena.

Zergatik aukeratu zenuen Abadiñoko Auxilio Social edo gizarte sorospena barnetegiari buruzko ikerketa abiatzea?

—Egungo haur eta nerabeen babes sistemaren aurrekari hurbilak ezagutu nahi nituen. Estatuan badira Patronato de Protección a la Mujer edo Auxilio Social buruzko ikerketak, baina gure eskualdea ez dute kontuan hartzen. Bilaketa azkarrak egiten ibili nintzen eta Falangeren esku hartze soziala jorratzen zuen egunkari bat topatu nuen non Portugalete, Mungia eta Abadiñoko egoitzak aipatzen ziren eta hortik tiratzeko beharra sentitu nuen.

Barnetegi hori gaur egun Zelaietako Hotel modura ezaguna den eraikinean finkatu zen. Ustez noiztik eta noiz arte egon zen funtzionamenduan?

—Zaila da zehatz-mehatz jakitea iturriak propagandara jotzen dutelako, hau da, datuak puztu egiten dituzte askotan eta tentuz ibili behar gara. Adibidez, Abadiño “askatu” eta segidan martxan jarri zela esaten dute txosten batean, baina 1939 edo 1940an martxan jarri zela dirudi. Itxiera datarekin ere arazo berdina sortzen da, leku batean 1953an itxi zela esaten da eta beste batean 1951ean.

Gerra Zibilean, Frankismoan eta ondorengo urteetan galdutako edo lapurtutako umeak bertan egon ahal ziren?

—Erakundearen propagandaren arabera haur abandonatuak jasotzen zituzten, gurasoen ideologiari erreparatu gabe, baina Ángela Cenarro, Francisco González de Tena edo Ricard Vinyes ikertzaileek jaso dituzten testigantzek erabat ezeztatzen dute hori. Gerrako umeen kasuan, gurasoen baimenik gabe itzularaziak izan ziren eta hainbatek jada ez zuen gurasorik, edo haurraren bila joatean atxilotuak izan ziren edo erregimenaren aburuz, haurrentzako eredu txarra ziren… Lege bat ere atera zuten ere, non haurra bere izen-abizenekin gogoratzen ez bazen nortasun berri bat atxikitzeko aukera zuen erakundeak, eta hortik haurren salmenta eta adopzio irregularrak eman zitekeelaren ardura.

Epaimahaiak zure lanaren egitura nabarmendu zuen eta frankismoaren beste aurpegi bat erakusten duela ere argudiatu zuen.

—Gezurra badirudi ere frankismoak erabili zuen gizarte politika ez da oso ezaguna, ez da asko ikertu, are gutxiago egoera babesgabean zeuden haurrekin zuten esku-hartzea. Nire helburua Abadiñoko egoitza bere testuinguruan kokatzea zen, hau da, garai historiko eta politiko zehatz bati erantzuten ziola erakustea eta, bide batez, gurean ere horrelako egoitzak egon zirela ezagutaraztea.

Sorpresaren bat aurkitu duzu ikerketa-lan honetan?

—Lehenengo sorpresa Abadiñon Auxilio Socialeko egoitza bat egon zela jakitea izan zen. Eskualdean lan handia egin da Gerra Zibilean gertatu zenari buruzko memoria galdu ez dadin, baina agian Durangaldeak pairatu zituen bonbardaketak beste istoria guztiak jarri ditu itzalpean. Adibidez, emakumeen kartzelaren istorioa ere urte batzuetatik hona berreskuratu da. Ez dut uste kasualidadea denik, emakumeak eta haurrak historiaren eta, batez ere, historia militarraren erdigunetik kanpo egon ohi dira.

Ikerketa honetan sakontzen jarraitzeko ideia daukazu?

—Haur horien istoriak gurpuztea falta zaigu, hau da, nortzuk ziren? Zergaitik barneratu zituzten? Zeintzuk ziren haien bizi-baldintzak? Haien testigantzak biltzea ezinbestekoa da eta bide horretan jarraitu nahi dut. Haur haietako asko hilda egongo dira, baina baliteke beste hainbat bizirik egotea, edota senideei zerbait kontatu izana. Haien istorioak historia ere badira eta errekonozimendua merezi dute, hobe hil aurretik ematen baldin badiegu.