Musikaire programaren edizio berria aurkeztu du Elorriok
Ostiral honetan goizean, Elorrioko alkate Julene Lazkanok Kultura Jai eta Gazteria zinegotzi Itsaso Basauri eta Musikaireren antolatzaile den Aitor Iriarterekin batera eskainitako prentsaurreko batean aurkeztu egin dute Musikaire jaialdiaren edizio berria. Julene Lazkanok nabarmendu du Udalarentzat merezi duela halako apustu sendoa egitea: “Herritarren aldetik oso kuttuna da Musikaire, eta ingurutik ere jende piloa etortzen da”.
Itsaso Basauriren hitzetan, erreferentziazko jaialdi bihurtu da, urteen poderioz gero eta ezagunago eginaz. Publiko fidela lortu du eta sarri jendea ikusiko duenaren gutxi gorabeherako batekin etortzen da, egitarauan konfiantza osoa izanda”.
Aitor Iriartek gehitu du eskaintza eklektikoa dela, estilo anitzetakoak: “Bertako taldeak izango ditugu, baina baita Peru, Mexiko edota Marokokoak ere. Gainera, emakumeen presentzia handia dute kartelean”. Musikaire sortu zuteneko erronka ere ekarri du gogora: “Kultura Elorrion ohitura bihurtzea zen helburua, eta asmatu dugulakoan gaude, hilabete osoan zehar luzatzen den egitarau anitzarekin”.
Ez dute hutsik egingo bi klasikok, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek eta Dantza Garaikideak. Musikarien aldetik, izenen artean daude Tapia eta Leturia Band, Olaia Inziarte edota Sara Azurza. Eta estiloei dagokionez, jaialdiak Salsa afrobeat, Trikiti, Flamenko, Jazz, Pop, Jazz, Blues edo Rock aniztasun handia izaten jarraituko du. Iaz plaza eta Lariz jauregia izan ziren emanaldien oholtzak. Aurten kokaleku horiek mantendu egingo dira, baina azken astean salbuespen bat egongo da, Arespakotxaga lorategira eta Aldapebeitia jauregiaren atzealdera lekualdatuko baitira ikuskizunak.
Programazioa eta agertokiak:
- Uztailak 5, ostirala, 22:30, Elizpean, Tapia eta Leturia band
- Uztailak 6, larunbata, 22:30. Elizpean, Marinah de ojos de brujo
- Uztailak 7, domeka, 19:00, Elizpean. Pirritx, Porrotx eta Marimotots
- Uztailak 12, ostirala, 20:30 Lariz Jauregian, Los 300
- Uztailak 13, larunbata, 20:30, Lariz Jauregian, Tarwa N-Tiniri
- Uztailak 14, igandea, 20:30, Lariz Jauregian, Olaia Inziarte
- Uztailak 19, ostirala, 22:30, Elizpean, Son Rompe Pera
- Uztailak 20, larunbata, 22:30, Elizpean, NT La Rosa
- Uztailak 21, igandea, 19:00, plazan, dantza garaikidea
- Uztailak 26, ostirala, 20:00, Arespakotxaga lorategian, Kinkfolk
- Uztailak 27, larunbata, 20:00, Arespakotxaga lorategian, Sara Azurza
- Uztailak 28, igandea, 22:00, Aldapabeitian, Los Galindos