Abadiñoko Udalak Jasangarritasun Energetikoaren Legea betez garatu duen Energia Jarduketen Plan Orokorra azalduko die herritarrei datorren ostegunean, maiatzaren 30ean, Errota kultur etxean arratsaldeko 18:30etik aurrera egingo den ekitaldi batean. Bilera hori Udalak klima-aldaketari egiten dion ekarpena murrizteko, haren ondorioak arintzeko eta bidezko energia-trantsizioa sustatzeko dituen planak ezagutzera emateko erabiliko da baita ere.

Administrazio publikoek, energia-politiken arautzaile, garatzaile eta betearazle diren aldetik, energia aurrezteko, eraginkortasunerako eta hornidurarako sistema jasangarrietarako bidezko trantsizioa gidatu behar dute, ez bakarrik arlo horretako araudiaren bidez, baizik eta bereziki sektore publikoan bertan jasangarritasun energetikoaren helburuak ezarriz.

Administrazio publikoko organo guztiek eredugarriak eta erreferenteak izan behar dute jasangarritasun energetikoaren arloan, eta Abadiñoko Udalak udalerriko pertsona guztiei erakutsi gura die egiten ari den lana, bai eta tokiko jasangarritasun energetikorantz aurrerapausoa diren jarduketa zehatzak ere.

Planaren helburu orokorrak dira berotegi-efektuko gasen emisioak % 55 murriztea, energia berriztagarriaren sorrera % 40ra handitzea, energia-eraginkortasuna % 36ra hobetzea azken kontsumorako eta % 39ra lehen mailako energiaren kontsumorako, eta ibilgailu berrien isurketak % 55 murriztea 2030etik aurrera. Planak Udalaren jabetzako eraikinei eta erabilera publikokoei eragiten die; udalaren instalazioei eta argiteria publikoari, eta Udalaren jabetzako ibilgailuen parkeari.

Udalak helburu jakin batzuetarako 35 ekintza eta aurreikusitako ezarpen-egutegia jasotzen dituen diagnostiko orokorra egin du. Aldi berean, Udala mugikortasun jasangarriagoa lortzeko hiri-mugikortasuneko plana prestatzen ari da. Udalak aldianaldian emango die herritarrei Energia Jarduketen Plan Orokorraren aurrerapenen berri.

Energia Jarduketen Plan Orokorrak Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legean jasotako helburuak eta jarduerak betetzeko aukera ematen dio Abadiñoko Udalari. Horrela, energia eta planetaren baliabideak modu eraginkorragoan eta jasangarriagoan erabiltzeko duen konpromisoa berresten du.