Aurreko edizioak izandako arrakastaren ondoren, Ugao-Miraballesek Euskal Komikiari buruzko Jardunaldien bigarren edizioa jasoko du aurten. Horretarako, tokiko komikizaleei bidetarutako egitarau berezia bezain zabala prestatu egin dute.

Oraingo honetan, 1984an Gregorio Muro eta Daniel Redondoren "Sorgin Seinalea" komikiaren argitalpenaren 40. urteurrenaren ingurukoak izango dira. Ugao-Miraballeseko Udalak Harriet Ediciciones-ekin batera antolatutako "Sorgin Seinalea" erakusketa izango da Jane Jauregian ekainaren 28ra arte. Jorge Madejón da komisarioa.

Erakusketa horren helburua 1984tik 1990era bitartean estatu mailan zein merkatu frankofonoan argitaratu ziren sagako lau albumak hobeto ezagutaraztea da. Bertan arrakasta handia izan zuen hainbat sari pilatuz, hala nola Prix Targa Unicef 1984ko Lucca Jaialdiko saria, 1988ko Angouleme Jaialdiko Alfred Sarirako izendapena, 1990eko Frantziako liburu-saltzaileen gremioko Urrezko Laurela eta 1992ko Hyeres Jaialdiko Betty Boop. Gainera, datozen asteetan hainbat tailer eta bisita gidatu bat egingo dira:

  • Maiatzak 25, Mirabatxo Kluba: "Ezagutu Bederatzigarren Artea" (17:00etan, Jane Jauregian).
  • Ekainak 7: erakusketaren bisita gidatua + adin guztientzako komiki tailerra (Jane Jauregia, 17:30etan). Aldez aurretik izena eman beharko da.
  • Ekainak 8: "Egin dezagun komiki bat zerotik" tailerra (Gazteleku, 18:00etan).

Gregorio Muro Harriet (Donostia, 1954)

Komikigilea, gidoilaria eta zinema eta telebistako zuzendaria. 1978an komikigile gisa hasi zen Ipurbeltz aldizkarian. 1981ean Frantzian bere lanak argitaratzen hasi zen Glénat, Dargaud eta Les Humanoïdes Associés argitaletxeetan: Justin Hiriart (5 liburuki), Sorgin seinalea (5 liburuki), Las aventuras de Ion y Mirka (2 liburuki), Sudor de sol (5 liburuki) eta Simon Besaluze (3 liburuki). 1990ean, Juanba Berasategiren Baleanerrak animaziozko film luzearen gidoilari gisa hasi zen ikus-entzunezkoetan, eta ordutik aurrera ekoizpen ugaritan lan egin du. 2015ean, Harriet Ediciones argitaletxea sortu zuen, bere obra klasikoaren zati handi bat berreskuratu eta titulu berriei ekiteko asmoz.

Daniel Redondo (Bilbo, 1940)

Komikigile lanetan hasi zen Bartzelonako Bruguera argitaletxean. Euskal Herrira itzuli zenean Donostian jarri zen bizitzen, eta Gregorio Muro ezagutu zuen. Harekin batera, istorio labur ugari egin ditu aldizkarietarako, baita Las aventuras de Ion y Mirka eta Sorgin seinalea sailetarako ere. Geroago, Christian Perrissin gidoilari frantsesarekin batera, La juventud de Barba Roja saileko hainbat album marraztu ditu.