Lanbide Heziketan aldaketa-haizeak dabiltza eta Harrobian aldaketa horri ekin zioten orain dela urte gutxi batzuk. Horren ardatz nagusiak berrikuntza eta ikerkuntza aplikatua dira. Berrikuntza hitzaren baitan daude disruptibitatea, proiektu berriak, erronkak, ikusmolde desberdina edukitzea... Ikerkuntza aplikatuari buruz, zera esan genezake, Ikerketa-lanak ikas-prozesuaren parte bihurtzea dela, egindako ikerketetatik, azken batean, irakaspenen bat ateratzea dela.

Elkarlan bete-betean

Artikulu honetara ekarri nahi izan ditugu Harrobian lantzen ari diren ikerketa-proiektu horien adibide batzuk. Esaterako, Kiroleko zikloan Euskadiko turismo aktibo, nautiko, abentura eta ekoturismoko enpresak biltzen dituen elkartearekin batera elkarlanean aritu dira; enpresa horiei sektorearen premiak identifikatzen lagundu diete. Halaber, eta kirol sektorean ere, Bizkaiko Jarduera Fisikoko Enpresen Elkartearekin (AVEAF) prestakuntza-beharrak identifikatzeko ikerketa bat egin dute Kirol lanbideak arautzeko lege berriak ezartzen dituen titulazioen kariaz.

Lan-munduaren eta hezkuntza sistemaren arteko muga lausoa

Alabaina, ikerketa-proiektuak ez dira mugatzen kirol arlora. Besteak beste, 3D animazioetako kideak adimen artifizialaren inplementazioa ikertzen ari dira beraien sektorean; edo mugimendua digitalizatzen duen jantzi bat testatzen ari dira. Ikerketa horietatik guztietatik erdietsitako ezagutzak zikloetako ikasleekin partekatzea izango da ondorengo helburua.

Baten batek hori goi mailako zikloetan gertatzen dela pentsatu balezake ere, oinarrizko lanbide heziketan, erdi mailako informatikako eta goi mailako 3D animazioetako zikloko ikasleekin batera, Arcade motako makina bat eraiki, hardwarea instalatu eta bideo-jokoa garatu dute, hurrenez hurren.

Harreman estua lan-munduarekin

Esan bezala, ikerketa aplikatuak ez ezik, berrikuntzan ere murgildura daude Harrobian. Athleticek irabazi berri duen Espainiako Errege koparen harira, Bilboko futbol taldearen gabarran 360ºko kamara jarrita zuen Harrobia ikastolak, Athletic-ekin elkarlanean. Hori gutxi balitz, EITBk martxan jarri duen Artxipielago fikziozko audio-serie apokaliptikorako jolas bat garatu dute; Harrobian garatutako joko batek basoaren zaintzaren garrantzia nabarmentzen duen bideo-joko baten protagonista basajauna du, edo Iker Arrue dantzariarentzat 8 kamara nahasten dituen mugikorrerako app bat garatu dute.

Proiektu sozialak ere abian dituzte Harrobian, esaterako ospitaleko umeen errutina egokiak (garbiketa, ikasketak) lantzen dituen app bat garatzen ari dira errealitate birtualean, edo Marketin eta Publizitateko zikloan Marketin solidarioa proiektua lantzen dute urtero, non komertzio eta ekintzaile txikiei marketin zerbitzuak eskaintzearen truke, proiektu solidario baterako finantzazioa lortzen duten.

Lan-munduarekiko harreman estua ez da hor bukatzen, urtetik urtera, gero eta gehiago baitira dualean dauden ikasleak. Honenbestez, esan daiteke Bilboko erdigunean badela ikastola bat lan-mundurako orientazio argia duena, gizartearekin konprometituta dagoena eta erronka berriei ilusioz heltzen diena, berrikuntza eta ikerketa aplikatua ardatz dituena.