Santurtziko Udalak milioi bat euro inguruko aurrekontua bideratuko du hurrengo ekitaldiko aurrekontu parte-hartzaileetara. Karmele Tubilla alkateak edizio berri honen aurkezpenean azaldu duenez, aurrekontu parte-hartzaileen prozesu berri hau abian jarri da "santurtziarren ikuspuntutik lehentasunezkoak diren jarduerak ezagutzen jarraitzeko. Udal kontuak santurtziarrek legealdi honetarako prestatzen lagundu ziguten ibilbide-orriari jarraituz lantzen dira.

Eta, gainera, zenbateko ekonomiko bat jartzen dugu herritarren eskura, gure udalerrian interes publikoko hobekuntzak proiektatzen dituzten proposamenak aurkez diezazkiguten. Beraz, prozesu osoan parte hartzera animatu nahi ditut, bai orain, ekarpenak egiteko lehen fase honetan, bai herritarrek aurkeztutako proiektuen bozketan.

Aurrekoan bezala, bi urteko prozesu bat da, eta 2024ko eta 2025eko udal-aurrekontuetatik zenbateko ekonomiko bat nola erabili jakiteko ekarpenak egin ahal izango dira. Zehazki, milioi bat euro bideratuko ditu Udalak boto gehien lortu dituzten proiektuak abian jartzeko.

Hona hemen proiektuaren bost faseak:

  1. Proposamenak aurkeztea​
  2. Bideragarritasun juridiko, tekniko eta ekonomikoari buruzko proposamenen azterketa teknikoa eta proiektuen zehaztapena
  3. Proiektu bideragarriak jendaurrean jartzea eta alegazioak
  4. Santurtziarrek proiektuak bozkatzea
  5. Emaitzak argitaratzea eta proiektuak udal-aurrekontuan sartzea

"Beste behin ere, prozesu honen alde egin dugu, gure herritarrek behar dutena bertatik bertara ezagutzeko, udalerriko elkarte edo taldeek egiten dizkiguten ekarpenetatik haratago joanez", gaineratu du alkateak. "Prozesu honen bidez, hiru helburu lortu nahi ditugu: herritarren eta udalaren arteko elkarrizketa-bide horri jarraipena ematea; zuzeneko parte-hartzea sustatzea eta santurtziarrok helarazten dizkiguten lehentasunak bultzatzea; eta kudeaketan gardentasun eta eraginkortasun handiagoa eskaintzea, duela urte batzuetatik egiten ari garen bezala" gaineratu du.

Prozesu horretan parte har dezake Santurtzin erroldatuta dagoen eta 16 urte baino gehiago dituen norbanako edo erakunde batek, nahi adina proposamen aurkeztuta. Hala, teknikoki, juridikoki eta ekonomikoki bideragarriak diren proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, baldin eta 200.000 euroko inbertsioa gainditzen ez badute eta bost arlo hauetako edozeinetan kokatzen badira:

  • Gizarte-ongizatea eta adinekoak
  • Hiri-ingurunea eta mugikortasun jasangarria
  • Kultura eta kirol arloa
  • Gazteak eta haurrak
  • Sustapen ekonomikoa (merkataritza, ostalaritza, turismoa, enplegua eta prestakuntza)

Parte hartzeko bideak

Prozesu parte-hartzaile honen lehen fasea proposamenak aurkeztea da, eta maiatzaren 20tik 26ra bitartean izango da. Horretarako, aste horretan zehar, santurtziarrek ekarpenak egiteko jarraitu behar duten prozedura azaltzen duen liburuxka bat jasoko dute euren postontzietan. Informazio hori udalaren webgunean ere izango da eskuragarri.

Parte-hartzaileek bi bide izango dituzte ekarpenak Udalari helarazteko: bata, Santurtziko Udalaren web orrian dagoen online inprimaki baten bidez, eta, bestea, prozesuan zehar udalerriko hainbat gunetan jarriko diren postontzietan. Horietako batzuk modu finkoan egongo dira udal-liburutegietan, Casa Torre jauregian, kiroldegietan edo Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan. Beste batzuk kalean jarriko dira, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.