Síguenos en redes sociales:

Durangoko Udalak indarrak batu ditu suhiltzaileekin udalerriko segurtasuna hobetzeko

Durangoko Udalak indarrak batuko ditu herriko suhiltzaileekin, udalerriko segurtasuna hobetze aldera. 2024ko azaroan, Iurreta, Markina-Xemein, Arratzu eta Zallako suhiltzaile-parkeetako errelebo guztiek etxebizitzetan eman daitezkeen sutreen aurrean maniobra errealistak egin zituzten Durangoko alde zaharrean.

Hirigune historikoetako etxebizitzetako suteak larrialdi-zerbitzuetarako bereziki konplexuak diren egoerak dira, hainbat faktorek bat egiten dutelako (kamioiak iristeko zailtasunak, ur-horniduraren mugak, ekipoekin maniobrak egiteko zailtasunak, eraikin zaharrak pilatzearen ondorioz etxebizitzen eta eraikinen artean zabaltzeko arrisku handiagoa, etab.). Horregatik, hasiera-hasieratik erantzun eraginkorra ematea funtsezkoa da.

Entrenamendu horiek udalen laguntzarekin diseinatu dira, besteak beste, Durangokoarekin, eta suteen aurkako segurtasunaren lehentasunezko alderdiak tokian bertan praktikan jartzea ahalbidetu dute, hala nola ibilgailu astunekin sartzea eta kokatzea, autoeskailerak kokatzea, espazio konplexuetan hidraulika jartzea edo eskuzko eskailerak dituzten erreskateak, besteak beste. Maniobretan lortutako datuekin, entrenamenduaz gain, Foru Aldundiko Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuko eta Bizkaia Prest larrialdiak kudeatzeko zentroko agintariek erabaki arinak hartzeko informazioa hobetu da, benetako larrialdietan.

Udalerrian egindako maniobrak aztertu ondoren, Suhiltzaileen Foru Zerbitzuak eta Durangoko Udalak hobetu beharreko arloak identifikatu dituzte.

Hobekuntzen artea, aurkitu da Artekale eta Barrenkale kaleetara Santa Ana plazatik sartzea zaila dela, inguruan dagoen jardineraren astuntasuna dela eta. Irtenbide gisa, jardinera horren ordez tamaina txikiagoko beste bat jartzeko aukera aztertuko du Udalak, larrialdi-egoeretan sarbidea errazteko.

Gainera, eremuko ur-azpiegiturei buruzko informazioa eguneratzea aurreikusten da, Suhiltzaileen Foru Zerbitzuaren esku hartzeko laguntza-sisteman txertatzeko.

Bi aldeek adierazi dute elkarlan estuan jarraituko dutela aldian behin maniobrak egiteko, koordinazio eraginkorra izateko eta udalerriko segurtasuna hobetzeko. Bulego Teknikoko arduradunekin eta Udaltzaingoarekin koordinatuko da ekintza horiek gauzatzeko.

Durangoko Udalak herritarren segurtasun eta ongizatearekin duen konpromisoa berresten du. Ekintza zehatzak hasi dira identifikatutako hobekuntza-arloei ekiteko, eta, horrela, egungo egoera hobetzeko eta herritarrentzat ingurune segurua bermatzeko dedikazioa erakutsi da.