Kirolean, eta batez ere umeen eta nerabeen kirolean, indarkeria desagerraraztea da Bizkaiko Foru Aldundiaren erronka nagusienetariko bat. Gaitz horri aurre egiteko, San Mames futbol zelaiko iparraldeko aretoak jardunaldi bat jasoko du datorren ostegunean, apirilaren 25ean, arratsaldeko 18:30etik iluntzeko 20:15era.

Umeenganako Tratu Txarren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Foru Erakundeak «Ongizatera bidean Eskola Kirolean» jardunaldia antolatu du, gizarte osoan zabaltzeko kirol-inguruneetan adingabeentzako leku seguruak sortzeko beharra. Era berean, jardunaldiak kontzientzia sortu nahi du kirol arloan adingabeentzako ingurune segurua eta babeslea sortzearen garrantziaren inguruan, bai eta edozein indarkeria-mota salatzea eta prebentzioa sustatu ere.

Kirol arloko indarkeria ezkutuko errealitatea da, eta eragin nabarmena du umeen eta nerabeen garapenean eta ongizatean. Kirolak haien garapen integralerako onura eta aukera ugari eskaintzen ditu, baina arreta berezia eskatzen duten erronkak eta arriskuak ere baditu. Horrela, datorren apirilaren 25ean, Bizkaiko Foru Aldundiak espazio bat eskainiko du, kirolean umeen babesaren arloko kontzeptu garrantzitsu hauei buruzko eztabaida irekia eta zabala sortzeko: ingurune seguruak, indarkeria, konpromisoa, erantzukizuna.

Leixuri Arrizabalga diputatua parte-hartzaileei ongietorria emateaz arduratuko da. Bertan, kirolaren, biziraupenaren eta gizarte-aktibismoaren arloko pertsona ezagunek hartuko dute parte: Giulia Pairone, tenis jokalaria eta Change The Game-ko boluntarioa; Daniela Simonetti, kazetaria eta Change The Game Italiako sortzailea; Irati Olabarri, kirolaria, arraunlaria, psikologoa eta kirolarien eskubideen aldeko aktibista; Joanna Maranhao, Brasilgo igerilari olinpiko ohia, oinarrizko eskubideen aldeko aktibista eta ikertzailea, eta Sports and Rights Alliance sarearen koordinatzailea, eta Pepe Godoy, biktima eta ASIren aktibista futbolean.

Gainera, gai horri buruzko mahai-inguru bat egingo da ikuspegiak eta esperientziak partekatzeko. Hauek izango dira mahai-inguruaren parte hartzaileak: Vicky Conde futbolari ohia, Danel Elezkano pilotaria, Raúl López saskibaloiko jokalari ohia eta gizonezkoen Athletic Clubeko jokalari bat eta emakumezkoen taldeko jokalaria.

Ekitaldia amaitzeko, Lola Lois rap-kantariak rap-erritmoko poesia bat eskainiko du ekimenaren alde.

Leku-kopurua mugatua denez, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea ekitaldira joateko. Jardunaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da, Bizkaiaren YouTube kanalean.