Datorren asteartean, apirilaren 23an, goizeko 10:00etatik 14:00etara bitartean, Bilboko Bizkaia aretoak Euskal Fondoak martxan jarritako 'Gaztenpatia' programaren aurkezpena jasoko du. Ekitaldian El Salvadorren, Kolonbian eta Guatemalan dituzten proiektuen berri emango dute.

Izan ere, Euskal Fondoa Lankidetza Deszentralizaturako koordinazio eta laguntza tresna bezala eratu zen 1996an, hau da, Euskal Herrian Hegoaldeko instituzio, erakunde sozial eta komunitateekiko harreman solidarioen alde diharduten esperientzia lokalak biltzen dituen lankidetzarako tresna da. Euskal Fondoak Nikaraguan, Guatemalan, El Salvadorren, Kuban eta Mendebaldeko Saharan garatzen ditu proiektuak.

Elkartearen helburuetako bat herrien arteko desberdintasun egoera latzaren oinarri eta ondorioez herritarrak sentsibilizatzea da batetik, eta munduko ordena berri justuago eta solidarioago bat ezartzeko elkarlanaren beharra transmititzea bestetik.Ildo horretan kokatzen da Gaztenpatia ekimena. Euskal Fondoaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen proiektua da eta, horren bidez, unibertsitateko ikasleek aukera dute curriculumeko praktikak edo boluntariotza praktikak, baita Gradu Amaierako Lanak (GRAL) ere, Euskal Fondoko kide diren erakunde eta elkarteek Latinoamerikan dituzten proiektuetan egiteko.

Xehetasun gehiago azalduko dituzte Gaztenpatiaren VII. topaketan. Bilboko Bizkaia aretoan izango da hitzordua datorren martitzenean, hilak 23. Hurrengo egunean Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean egingo dute aurkezpena, 11:00etan hasita. Azkenik, apirilaren 26an, garapenerako unibertsitate-lankidetzari buruzko aurrez aurreko prestakuntza tailerra jasoko dute Gaztenpatian parte hartu gura duten EHUko ikasleek, Bizkaia aretoan, 10:00etatik 13:00etara.