Hamaika mila pertsona baino gehiagok gozatu zuten atzo Athletic-en garaipenaz Barakaldoko Udalak partida ikusteko prestatutako guneetan. Horrez gain, Kopako finalaren aurreko orduetan antolatutako jarduerez gozatu ahal izan zuten baita ere. Gainera, partida ondoren 40 urte itxaron behar izandako garaipena ospatu ahal izan zuten familia giroan eta giro atsegin batean, egun horretarako prestatutako segurtasun-dispositibo bereziak interbentziorik egin behar izan barik.

Udalak hiriko merkataritza eta ostalaritza elkarteen (ABK eta ACE) eskutik antolatutako jarduerak 18:00etan hasi ziren, pintakarak, puzgarriak, musika DJ baten eskutik eta fanfarreak Herriko Plazan eta Gurutzetan zehar. "Bizkaia osoa ilusioz bete duen topaketa honen inguruan aisialdirako eta dibertimendurako arratsalde bat eskaintzea zen gure helburua", gogorarazi du Gorka Zubiaurre Barakaldoko Udaleko Alkatetza zinegotziak. "Eta uste dut lortu dugula. Lehen ordutik plazak familiaz beteta zeuden giroaz gozatzen, inguruko ostalaritzan zerbait hartzen, lagunekin denbora pasatzen... ", adierazi du.

Partidaren hasiera hurbildu ahala, jendea pantailan pilatzen ari zen, partidaren xehetasunik ez galtzeko. Teknikarien datuen arabera, 7.000 pertsona baino gehiago bildu ziren Herriko Plazan eta beste 3.000 Gurutzetako plazan, "kopuru zehatza ezartzea oso zaila den arren, garrantzitsuena da bi plazak jendez beteta eta giro bikainarekin egon zirela, aparteko gorabeherarik gabe", amaitu du zinegotziak, bertaratutakoei jardunaldi osoan izandako portaera ona eskertuz.