Beste urte batez, Getxok udalerriko merkataritza-jarduerarekin zerikusia duten merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduak aintzatestea, sustatzea eta ikusaraztea helburu duten 'GetxuHurbil' sariak banatuko ditu. Sari banaketa gaur bertan egingo da Muxikebarrin, iluntzeko 20:00etan.
Epaimahai kualifikatu batek aukeratu ditu saritutako enpresak, herritarrek, merkataritza-elkarteek eta sektorearekin zerikusia duten beste erakunde batzuek aurkeztutako 80 hautagaien artean. Hauek dira:
2024ko sariak
- Tradizioa eta ibilbidea: Zuricalday (Algorta eta Areeta). Aipamen bereziak: Librería Lopez eta JB modas.
20 urteko baino gehiagoko ibilbide komertziala duten saltokiei zuzenduta dago, garai berrietara egokitu direnei, beren funtsari eutsiz eta sustraiei uko egin gabe. Ibilbide luzea izatea eta urteetan zehar garai berrietara egokitzea baloratuko da, baita belaunaldien arteko erreleboa edo negozioaren transmisioa jatorrizko esentzia bera mantenduta.
- Komertzio sortu berria-Ekintzailetza: BHU-Borja Hernandez Urrutxurtu Atelier.
Azken 3 urteotan ireki duten komertzioei zuzenduta dago, bereziki beren inpaktuagatik, originaltasuna-gatik, ekimenagatik, ahaleginagatik, negozio ereduagatik… nabarmendu diren ekintzaileei.
- 360º iraunkortasuna: Amasarte Labea.
Kontsumo arduratsua edo ingurumenarekiko eta gizartearekiko errespetuzkoa sustatzen duen negozio eredua duten saltokiei zuzendua, betiere GJHrekin (Garapen Iraunkorreko Helburuak) lotuta daudenei, bai hurbileko produktuak, produktu ekologikoak eta sasoikoak saltzeagatik, bai ekonomia zirkularrarekin lotutako balioak lortzeagatik, bai Zero xahutzeagatik, bai hondakinen kudeaketa egokiari buruzko ekimenak egiteagatik, bai energia edo ura aurrezteagatik, bai gizarteratze-programak garatzeagatik, bai aukera-berdintasuna sustatzeagatik…
- Berrikuntza. Negozio ereduaren eraldaketa: Vito 52.
Beren produktuei balioa gehitu dieten zerbitzuak arrakastaz eskaini dituzten saltokiei zuzendua, baina ez soilik teknologia mailan, izan daiteke salmenta modu edo zerbitzu berrien bidez, salmenta puntuan egokitzapenak eginez…
- “Ekin merkatari” saria: Aingara.
Udalerriko enpresa-parkea dinamizatzearekin lotuta dauden saltokiei zuzendua, hain zuzen hainbat jarduera eta programatan parte hartuz edo lankidetzan jardunez: KaiShop, GetxoAktibaTU!, Gabonetako kanpainak, Getxo Bono, Izakinen Merkatua, elkarteek antolatutako dinamizazio-kanpainak, tokiko erosketa sustatzeko banakako kanpainak, aholkularitza-programak...).
- “Getxoren arima”. Kantxa Kirol Moda.
Eguneroko kontsumorako hurbileko saltokiei zuzenduta dago, beren ezarpenagatik eta beren identitatea-gatik funtzio soziala betetzen dutenei, arrazoia edozein dela: zerbitzu-bokazioa, berezitasuna (bertako artistak hartzen dituztelako, artisau-produktuetarako, artistentzako txokotxuren bat dutelako...), bezeroei arreta emateko duten modua (euskara) eta Getxoko ikur izatea.