Urtero bezala, apirilaren 23an ospatuko den Liburuaren Nazioarteko Egunarekin bat egingo du Amorebieta-Etxanoko Udalak, baina aurten ekimen berezi bat abiaraziko du egun hori ospatzeko. Bada, Udalak gazteei zein helduei bideratutako Amorebieta-Etxanoko Ipuin Laburren Lehiaketaren lehenengo edizioa jarriko du martxan, herritarren artean euskaraz idazteko eta irakurtzeko zaletasuna pizteko helburuarekin.
Parte hartzeko epea
Horrela, Udalak parte hartzeko gonbitea luzatu die zornotzar interesdunei; azken eguna 2024ko apirilaren 8a izango da. Lehiaketa bi kategoriatan banatzen da: bata 16 eta 22 urte bitarteko idazle gazteei dago zuzendua; eta bestea 23 urtetik gorako helduei. Era berean, oinarrietan adierazten den bezala, gogorarazi du lehiaketara aurkeztutako lanek originalak, argitaratu gabeak eta euskaraz idatziak (batuaz edo bizkaieraz) izan behar dutela; horrez gain, ez dute 3.000 karaktere baino gehiago izan behar, espazioak, izenburua eta antolatzaileek emandako berariazko hasiera barne.
Lanak A4 formatuan aurkeztu behar dira, lerroarte bikoitzarekin eta Arial letra-tipoarekin edo antzekoarekin, 12 tamainakoa gehienez. Gutun-azal itxi batean sartu behar dira, identifikazio pertsonalik gabe, baina zer kategoriatara aurkezten den adierazita; gutun-azal horren barruan, obrarekin batera, gutunazal txikiago bat sartu beharko da, egilearen datuekin: izen-abizenak, telefono-zenbakia, posta elektronikoa eta NANaren kopia. Herritaren Arreta Zerbitzuan entregatu daitezke lanak, Udalean zein Zelaietan; era berean, Udalera era bidali daitezke, posta arruntez.
Epaimahai espezializatua
Euskara Saileko eta Udal Liburutegiko teknikariek osatutako epaimahai espezializatu batek ebaluatuko ditu lanak. Kategoria bakoitzeko irabazleek tokiko produktuen saski bana jasoko dute, eta ipuin onena Udalaren webgunean eta tokiko komunikabideetan argitaratuko da. Sari banaketa ekitaldia 2024ko apirilaren 23an egingo da, Liburuaren Nazioarteko Egunean.