Aurten ere Portugaletek parte hartuko du Nahi dudalako! kanpainan. Ekimenaren helburu nagusia da DBH euskaraz egin duten gazteek hortik aurrerako ikasketak ere euskaraz egitea. Portugaletez gain, Bizkaiko 15 udalerrik eta 2 mankomunitatek parte hartuko dute Nahi dudalako! ekimenean: Abadiño, Abanto-Zierbena, Arrigorriaga, Basauri, Berango, Berriz, Bilbo, Elorrio, Enkarterriko Mankomunitatea, Erandio, Etxebarri, Getxo, Ortuella, Santurtzi, Sestao, Txorierriko Mankomunitatea eta Zierbena.
Hori dela eta, kanpaina hau Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetan ari diren gazteei zuzendua da, hortik aurrerako ikasketetan ere euskarazko eredua aukeratu dezaten. Horretarako, behar duten informazio guztia ematen zaie bai gazteei bai euren gurasoei.
Izan ere, Euskara Zerbitzuak 9 hitzaldi antolatu ditu hainbat ikastetxetan urtarriletik apirilera arte. Hitzaldiok emango dituztenak hauxek dira: Karmele Gisasola, Xabi Hoo, Elena Caballero “La Basu”, Egoitz Txurruka eta Zuriñe Hidalgo. Jardueran euskarak haien bizimoduan izan duen garrantzia azaldu eta gazteak horren inguruan gogoeta egitera bultzatuko dituzte.
Era horretara, Portugaleteko Udalak, Euskara Zerbitzuaren bitartez, Portugaleteko familiei informazio guztia helaraziko die, ikasleek euskaraz ikasten jarraitzeko asmoz. Mari Jose Blanco Gavieiro Euskara zinegotziaren esanetan, “oso garrantzitsu deritzogu ikasleek euskaraz ikasteko eta beren ibilbide profesionalean euskaraz jarraitzeko aukera izateari, horrek bermatuko baitu euskarak presentzia handiagoa izatea lan munduan eta horren ondorioz, gure gizarte osoan ere bai”.