Barakaldoko Berbalagun taldeak ikastaro berri bat jarri du abian, egunero euskara praktikatzeko biltzen diren 13 pertsona talderekin. Ekimena pertsona taldeak sortzean datza, euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenekin. Talde horietan edozeinek har dezake parte, euskaltegiko ikasleek, euskara menderatzen dutenek, hizkuntza ezagutzen dutenek baina erabilera eskasagoa dutenek... Euskararen erabilera eta praktika erraztuko duten topaketak sortzea da helburua.

Ekimena lan-eremutik eta ikastetxeetatik kanpoko esparruetan euskara praktikatzeko sortu zen, eta Barakaldon oso harrera ona izan du, urtero berrehun parte hartzaile izatera iritsiz..

"Berbalagun proiektuak euskara praktikatzen laguntzen die herritarrei, baina pertsona berriak ezagutzeko, euskal kulturan murgiltzeko eta, azken batean, euskaraz bizitzeko eta euskara kalera ateratzeko aukera ona ere bada", adierazi du Iratxe Focesek, Barakaldoko Udaleko Euskara zinegotziak.

NATURARI ETA LIBURUEI BURUZ HITZ EGITEKO ETA HITANO TALDEA HILERO BILDUKO DIRA

Proiektua hazi eta herritarren parte-hartzea handitu ahala, ekimen berriak sortu dira. Aurten, adibidez, hilero biltzen diren hiru talde berri sortu dira. Naturari buruzkoa, irakurketa-kluba eta hikaz hitz egiteko hitano taldea.

Gainera, Gurasolagun ekimena mantentzen da, guraso euskaldunentzako edo euskara ikasten ari direnentzako ekimena. Talde honetan egoera berean dauden gurasoak jartzen dira harremanetan eta plazan edo parkean elkatzen dira, edo asteburuko bidaiak antolatzen dituzte... Helburua aisialdia euskaraz bizi ahal izateko familia-giroa sortzea da.