Amorebieta-Etxanoko Udalak martxan jarriko du, Txirringaeskolarekin lankidetzan, 'Amorebieta-Etxano Bizikletaz' izeneko programa. Ekimen honen bitartez, herrian bizikletaren kultura ezarri nahi du Udalak, eta horretarako El Carmelo, Lauaxeta, Andra Mari Ikastola, Karmengo Ama eta Larrea Eskolako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleentzako prestatu egin du kanpaina.

Ekimena hiru fase nagusitan garatuko da: abenduan eta urtarrilean eman zitzaion hasiera, eta ikasleek lehen urratsak eman zituzten programan. Gaur egungo fasea urtarriletik Aste Santura luzatuko da, eta ikasleek bizikletarekin zuzeneko harremana izatea du helburu; baita bizikletaren oinarrizko mantentze-lanak egitea ere, hala nola, ziztadak konpontzea eta bide-segurtasuna, janzkera eta elikadura egokia zeintzuk diren aztertzea. Gainera, bizikletaren garrantzia azpimarratuko da saio hauetan, ez bakarrik garraiobide gisa, baita aisialdirako eta kultura eta kirol-ikaskuntzarako tresna gisa ere.

Jarduerak zentroetan bertan

Programak jarduera praktikoak ditu; izan ere, ikasle bakoitzak bizikleta erabili ahal izango du eskolako patioan, eta bertan zirkulazio-seinaleak dituzten zirkuituak instalatuko dira, benetako egoerak simulatuz, hala nola oinezkoen pasabideak, semaforoak eta biribilguneak. Horri esker, ikasleek bizikletaren erabilera eta izan ditzaketen matxurak ezagutu ahal izango dituzte, eta, horrez gain, bizikletaren balioa garraio-alternatiba iraunkor gisa ulertu ahal izango dute, bai eta osasunerako zein ingurumenerako dituen onurak aitortu ere.

Programaren azken etapa, Aste Santutik ekainera bitartekoa, berezia izango da: kirol eta kultur irteerak egingo dira, besteak beste, bidegorriak eta bizikleta-txangoak.

‘Amorebieta-Etxano Bizikletaz’, aurrerapausoa

Amorebieta-Etxanoko Udalak programa honen helburua azpimarratu du: “haurrei bizikletan ibiltzen irakasteaz gain, garraio ekologiko eta osasungarri honekiko errespetua erakutsi nahi diegu. Ekimen honen bidez, Amorebieta-Etxanok aurrerapausoa eman du ‘Amorebieta-Etxano Bizikletaz’ proiektuan eta etorkizun berde eta iraunkorrago baten aldeko konpromisoan, mugikortasun iraunkorraren eta ingurumenaren zaintzaren garrantziaz jabetuta dagoen belaunaldi berri bat sustatuz”.

Horrela, ‘Amorebieta-Etxano Bizikletaz’ proiektua etapa berri baterantz abiatua da; orain, bide-hezkuntzako saioetan parte hartu ondoren, ikasle zornotzarrek bidegorriak segurtasunez erabiltzen jakingo dute dute eguneroko joan-etorrietan zein aisialdiko jardueretan.