Abenduaren 21ean, ostegun honetan, urteroko Santo Tomas azoka antolatuko da Lekeition. Lea-Artibaiko eskualdeko azoka garrantzitsuenetakoa –Ondarroakoa eta Markina-Xemeingoarekin batera–, aurtengoan guztira “32 etxola eta 25 ekoizle egongo dira”, eta horietaz gain, herriko eragile batzuek ere haien postuak izango dituzte. Hala azaldu dute Lekeitioko Udaleko ordezkariek, “nekazaritza eta abeltzaintza ekoizleen lana sustatu eta haien produktuen kontsumoa bultzatzeko” beren-beregi antolatutako egitasmoaren gainean.

“Lekeitioko Santo Tomas azoka eskualdeko ezagunena da eta urtero milaka pertsona erakartzen” dituela gaineratu dute antolatzaileek. “Aurten ere azoka antolatuko da abenduaren 21ean goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:30era bitartean Independentziaren enparantzan, eta eguerdiko 13:30ean ortuari postu politenaren sariaren irabazlea emango da ezagutzera, 200 euroko saria eta garaikurra lortuz”.

Azokak “ehundaka pertsona” bildu ohi ditu plazaren inguruan kokatzen diren postuetan. Eta guztira 32 postu izango ditugu aurtengo Santo Tomas azokan. “Horietatik 25 ekoizleak izango dira eta zehazki hurrengo produktu hauek salduko dituzte: ortuaria eta frutak, esnekiak, kontserbak, pasta, ogia eta gozoak, txerrikiak, ahatekiak eta artisau garagardoa. Produktu freskoak eta sortu berriak izango dira, kasu askotan artisautzako prozesuen bidez ekoizten direnak, eta saltzailea zuzenean ekoizten duen pertsona bera izango da”. Bestalde, zazpi postutan artisauak kokatuko dira eta hurrengo produktuak eskainiko dituzte: saskiak, bitxiak, motxilak, osagarriak,… Ohikoa den bezala, “azokaz gain eskualdeko etxe-abereen erakusketa ere antolatuko da Lekeitioko hitzorduan. Aurtengoan, hala ere, “ez da hegaztirik egongo mundu mailan hauei lotutako griparen ondorioz”.

Laburrean

Ekoizleak. 25 ekoizle izango dira eta zehazki hurrengo produktu hauek salduko dituzte: ortuaria eta frutak, esnekiak, kontserbak, pasta, ogia eta gozoak, txerrikiak, ahatekiak eta artisau garagardoa.

Artisauak. Zazpi postutan artisauak kokatuko dira eta hurrengo produktuak eskainiko dituzte: saskiak, bitxiak, motxilak, osagarriak...

Abereak. Idiak, behiak, zaldiak, astoak, ardiak, ahuntzak edota txerriak ikusi ahal izango dira, ez ordea hegaztirik.