Hamazortzi izango dira Ermuak 2024ko urtarrila eta maiatza bitartean jasoko dituen kultur-ikuskizunak. Kultura sailak astearte honetan eman ditu ezagutzera Ermua Antzokiak eta Lobiano kulturguneak hartuko dituzten emanaldiak. Besteak beste azpimarragarri dira honako hauek: "El Kanka" Malagako kantautorearen kontzertua, "Chica Sobresalto"ren pop alternatiboa edo "Marlena" bikotea eta "Bengo"ren proposamen urbanoagoa euskaraz.

Eszenaren atalari dagokionez, Toni Acosta eta Omar Ayuso bezalako artisten presentzia azpimarratu behar da; "El sonido oculto" thriller psikologikoan Alejo Sauras, Ángela Cremonte eta Álex Barahona protagonista dituen "La ilusión conyugal" komedia; Histrión Teatro konpainia andaluziarraren "Nevenka" salaketa sozialeko muntaia; eta, "Tanttaka" euskal konpainiaren "Del color de la leche" ekoizpen handia, Aitziber Garmendia eta Joseba Apaolazarekin.

Askotariko proposamenak ikusle zehatzentzat

Haurrentzako ikuskizun anitz ere izango dira, hala nola "Goazen 10.0", "Ez gara jaitsiko!", Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo maitagarrien ikuskizuna eta "Ene Kantak" nafar konpainia ezagunaren "Emozio festa!" musikala.

Programazio zabala da, publiko ezberdinei zuzendua, ikuskizunen kalitateari lehentasuna ematen diona, jendearen eskari potentzialak ahaztu gabe. Bertan 9 ikuskizun musikal eta 9 eszeniko bildu dira. Hizkuntzari dagokionez, ikuskizun horietako 6 euskaraz izango dira eta beste 9 gaztelaniaz, eta 3 kontzertutan ingelesa izango da hizkuntza. Ekoizpen horien jatorriari dagokionez, 10 ikuskizunetan euskal konpainiak edo artistak dira protagonista, eta 6 Estatuko gainerako artistak. Gainera, Automatic City talde frantziarra eta Reverend Shawn Amos musikari iparramerikarra ere Ermuan egingo dira.

Azkenik, esan behar da programazio eszenikoan ikuskizun dramatikoak nagusi direla; aldiz, musika-programazioan hainbat estilo bildu dira, hala nola popa, folka, bluesa, hiri-musika edo egile-kanta.

Ikuskizun guztietarako sarrerak zenbakituak izango dira eta abenduaren 13tik aurrera jarriko dira salgai. Bi izango dira kanalak: online Internet bidez datorren asteazkeneko 9:00etatik aurrera Kutxabanken webgunean edo, aurrez aurre, Lobiano Kulturgunean (Goienkale 10, Ermua).