Egitarau anitza, gaztea eta fantasiaz beterikoa ekarriko du 58. Durangoko Azokak. Abenduaren 6tik 10era, 950 nobedade ikusgai izango dira Landako Guneko 257 erakusmahaitan banatuta eta guztira, 265 ekitaldi batuko dira Azoka eta azokaren guneetan. “Hilabeteetako lanaren ostean eskuartean daukagu egitaraua. Ilusioz esan dezakegu Azoka ederra datorrela, nobedade interesgarriekin eta ekitaldi-sorta luze batekin. Durangoko Azoka fantasia hutsa da, sormenaren eztanda magikoa delako, euskal kulturaren jai ikaragarria delako eta amets egiteko espazio bizia delako”, aurreratu zuen Beñat Gaztelurrutia Gerediaga Elkarteko koordinatzaileak egitarauaren aurkezpen ekitaldian.
Ate joka dagoen 58. edizioaren eta azokatik haratago doan guneetako egitarauaren xehetasun guztiak dagoeneko ezagutzen dira. “Aurtengo Durangoko Azoka mamitsua izango da, aktuala, bogan dauden joerak jasoko dituena. Guztira, 265 ekitaldirekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek eta egitarauaren ezaugarri bi nabarmenduko nituzke: anitza eta gaztea”, azaldu zuen Gaztelurrutiak. Anitza, askotariko estilo eta gaiak topatu ahal izango direlako. Eta gaztea, inoiz baino jarduera gehiago izango direlako gazteek sortuak eta gazteentzat pentsatuak. Hain zuzen ere, haiei eskainiko zaie abenduaren 8ko eguna, Gazte Eztandaren bigarren edizioarekin.
Landako barruan 257 erakusmahai izango dira, “topera egongo da eta gehiago ezin sartu”, adierazi zuen ilusioz Gerediagako koordinatzaileak, eta guztietan liburu, disko eta abarren eskaintza aberatsa egongo da eskura. 58. Durangoko Azokak 170 partaide izango ditu eta horietatik zenbait autoekoizleen stand berezian. Aurtengo uztari dagokionez, 950 nobedade erakutsiko dira: 689 liburu, 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari, eta bestelako 40 ekoizpen ere bai. Zentzu horretan, prentsaurrrekoan nabarmendu zuten “esanguratsua da musika produktuen hazkundea, iaz baino 38 ale gehiago izango direlako. Nobedadeen harira, aipagarria da komikiak eta ilustrazioak hartu duten indarra. Berrikuntza lez, marrazkilarien lana zuzenean erakutsiko da pantailen bidez”.
265 ekitaldi
Durangoko Azokaren fantasian murgiltzeko guneetako programazioa ere aipatzekoa da. Horrela Talaia, Durangoko Museoa, Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Saguganbara eta Szenatokia guneetan hamaika ekitaldi antolatuko dira. Guztira 265 izango dira eta mahainguruak, liburu eta disko berrien aurkezpenak, solasaldiak, erakusketa, filme eta dokumental proiekzioak, eremu digitalean sortzen diren jarduerak, antzerkiak, dantza, bakarrizketak, familiei begirako aurkezpen eta ikuskizunak eta abar luze bat aukeran izango dira Azokara hurbiltzen diren bisitari guztientzat.
Batzuk aipatzearren, Talaian 48 ekitaldi antolatuko dira abenduaren 8an, 9an eta 10ean. Adibidez, Irulegiko eskuaren inguruko liburu bat aurkeztuko du Aranzadik; Joxe Azurmendiren pentsamenduari buruzko mahaingurua antolatuko du Jakinek; Euskadi Literatura sarianitza dun guztiak egongo dira eta Alex Txikonekin online konexioa izaten ahaleginduko dira Manaslu Neguan liburu berria aurkezteko.
Durangoko Museoan, abenduaren 7an Suargi elkarteak Meridiano moreak, Emakume zinemagileak, desgaitasuna eta zaintzak izeneko nazioarteko topaketa antolatuko du eta bertan Estibaliz Urresola, Itziar Ituño eta Ainhoa Olaso gazte durangarra izango dira euskal ordezkariak.
Ahotsenean, urtean zehar argitaratuko liburu eta disko berrien aurkezpenak bilduko dira eta egitarau sarianitza izango da, moldeei eta belaunaldiei dagokienez eta Irudienean 30 emanalditik gora izango dira Zugaza zineman. Kabia gunean adimen artifiziala, software librea, digitalizazioa eta gamer gela izango dira protagonistak; Saguganbaran haurrei eta familiei begirako aurkezpenak eta ikuskizunak antolatuko dira bost egunez eta amaitzeko, Szenatokian antzerkia, dantza, bakarrizketak eta inprobisazioa izango dira.
Autobus zerbitzua
Aurreko edizioetan bezala, garraio publikoa erabiltzeko deia luzatu dute Azokaren antolatzaileek, baina ezinezkoa dutenentzat doako autobus zerbitzua martxan egongo da. Iurretako autopista irteerako parkinetik Landakora, 30 minuturo eskainiko da zerbitzua, abenduaren 10ean izan ezik.
Ordutegiari dagokionez egunero goizeko 10.30etatik 20.00etara irekiko ditu ateak, baina 10ean 18.00etan itxiko dira Landakoko ateak.
Arlo ekonomikoan, 58. Durangoko Azokaren aurrekontua 715.000 eurokoa da. Horietatik % 60a erakunde publikoen diru laguntzak dira, babesle pribatuen diru sarrerak % 13a dira eta baliabide propioak, hau da Durangoko Azokaren partaideen stand alokairuaren sarrerak, % 27a.