Bizkaiko Foru Aldundiak 17,5 milioi euroko aurrekontua bideratuko du Artxandako tunelak konpontzeko eta modernizatzeko. Lehen lanak ekaina inguruan hasiko dira. Gaur goizean Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatu Imanol Pradalesek ekimenaren nondik norakoak azaldu egin ditu.

Azpiegitura hau 2002an jarri zen martxan, eta estrategikoa da hiriburuaren inguruko mugikortasunerako, Bilbo Txorierrirekin, aireportuarekin eta Bizkaiko Teknologia Parkearekin lotzen baitu. Hiru tunelak egunean batez beste 30.000 ibilgailuk erabiltzen dituzte:

  • 1. tunela: La Salve-Txorierri (1.220 m), 15.709 ibilgailu/eguneko EBBIrekin.
  • 2. tunela: Ugasko-Txorierri (1.070 m), 5.926 ibilgailu/eguneko EBBIrekin.
  • 3. tunela: Ugasko-La Salve (590 m), 8.194 ibilgailu/eguneko EBBIrekin.

Diputatuak zehaztu duenez, tunelak konpontzeko eta modernizatzeko beharra identifikatu da. "Azken urteetan, hainbat auditoretzak eta azterlanek jakinarazten izan digute azpiegitura patologia batzuk erakusten hasia zela antzinatasunagatik eta erabilera intentsiboagatik, hala nola pitzadura txikiak, hezetasunak eta estaldura-hormigoiaren narriadurak. Gainera, 20 urte hauetan teknologia zaharkituz joan da, eta, orduan, beharrezkoa da azken segurtasun-arauetara egokitzea", azaldu du.

Pradalesek azpimarratu du oso jarduketa konplexua dela. "Denbora asko eman dugu aztertzen gaiari nola heldu, harik eta jarduketa-plan bat eduki dugun arte, konpondu beharrari kostuan eta epean erantzun orekatua eman ahal izateko, betiere erabiltzaileen segurtasuna arriskuan jarri gabe eta kalteak gutxituta".

Konponketa zatika eta jarraian egingo da, tunelez tunel. Lehenengo lanak Ugasko eta La Salve lotzen dituen tunelean hasiko dira. Fase hori amaituta, 2. tunelean konponketak hasteko unerik egokiena zein den erabakiko da, kalteak minimizatzeko aldi edo sasoirik onenean oinarrituta. Azken tunela La Salve eta Txorierri lotzen dituena izango da.

Ikuspegi horrek aukera ematen du, lehenik eta behin, arlo kritikoenei heltzeko eta, ondoren, ikasitako ikasgaiak hurrengo faseetan aplikatzeko. Erabiltzaileei ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko, tunel bakoitza erabat itxiko da hilabetez, obra-fase bakoitzaren hasieran. Gainerako jarduerak gauez eta asteburuetan egingo dira, eraginak ahalik eta gehien murrizteko eta inbertsioaren kostuak eta denborak optimizatzeko.