Leartibai sarien bigarren edizioko sariak aste honetan banatu ziren Ziortza-Bolibarreko udaletxeko aretoan. Eskualdeko ekintzaileak omendu, eskualdean lanpostu berriak sortu eta gizartean oro har ekintzailetza sustatzea helburu duen ekimen hau Leartibai Fundazioak antolatzen du, Bizkaiko Foru Aldundia, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartea, Lea-Artibai Landa Garapen Alkartea eta Lea-Artibai eskualdeko 12 udalen laguntzarekin. Eta, beste behin ere, sari eta proiektu gehiago izan ziren ideia berritzaileak dituzten –eta ekinenak martxan errealitate bihurtzen dituzten– gazteentzat. Orotara 31 egitasmo aurkeztu ziren lehiaketara, “iaz baino 13 gehiago”, eta sariak bost modalitatetan eman ziren: negozio berritzaile onenari; merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu onenari; kooperatiba onenaria; gazteek sortutako negozio-ideia onenari eta emakume ekintzaileari.

Bada, baratxuri beltza, barazki eta fruta deshidratatuen ekoizpenean eta salmentan jarduten den Daonaz izan zen negozio-ideia berritzaile onenaren kategorian saria jaso zuena, 2.000 eta garaikurra; Ondarroako Andreia Patricia Gomez Brancoren Cuerpo y Alma-k eskuratu zuen merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresa onenari egokitutako saria, 2.000 euro eta garaikurra jaso zituelarik; kooperatiba saria hutsik geratu zen eta gazteek sortutako negozio-ideia onenaren kategorian bost saria eman ziren: Beti Prest autoak, Buztarri taberna, Emese, Pastor eta Urki. Azkenik, emakume ekintzailearen atalean yoga eta meditazioaren alorrean aritzen den Bare-Bare arnas lekuk jaso zuen sari nagusia –500 euro eta garaikurra–.

Laguntza ekonomikoaz gain, irabazleek abantaila hauek izango dituzte: Lea-Artibai Berrikuntza Gunean dagoen Enpresa Haztegiko espazioetan kokatzeko lehentasuna; Leartibai Fundazioak kudeatzen dituen programa ezberdinetan parte hartzeko erraztasuna; eta negozio-ideiaren garapenean eta azelerazioan aholkularitza Leartibai Fundazioko ekintzailetza-teknikarien eskutik”, nabarmendu zuten Leartibai Fundazioko ordezkariek. Eskualdeko ekintzaileentzako espresuki emandako sari-banaketa ekitaldia Esti Plazak, Leartibai Fundazioko ekintzailetza, merkataritza eta talentu arduraduna, eta Nerea Gartziak gidatu zuten, eta bertan izan ziren Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartea, Lea-Artibai Landa Garapen Alkartea, Lea-Artibai eskualdeko udalak, eskualdeko merkatari elkarteak, lehiaketan parte hartu duten ekintzaileak, aurreko edizioko partaideetako batzuk eta eskualdeko hainbat ekintzaile. “Ekitaldiaren amaieran Markina-Xemeingo Zerutxu Dantza Taldeak aurreskua dantzatu zien irabazleei”, gaineratu zutenaren arabera.

Udal Gaztedi Lea-Artibai 2023 Bizkaiko Foru Aldundiak eskualdeko 12 udalerriekin lankidetzan sustatutako proiektuari esker, Gazteen kategoriari bultzada berezia eman zaio aurtengo edizioan, eta 10.000 euro banatu dira eskualdean negozioa jarri duten bost gazteren artean. “Proiektu horren erronka gazteen emantzipazioa bultzatzea da, prestakuntzarekin eta laneratzearekin lotutako ekintzak definituz eta martxan jarriz”, jakinarazi zuten. Udal Gaztedi Lea-Artibai 2023 Leartibai Fundazioak kudeatzen du,” eta egitasmo horren baitan eman zaie saria eskualdean enpresa bat sortu duten bost gazteei”, laburbildu zutenaren arabera.

Irabazleak

Negozio-ideia. Amorotoko Jose Luiz Ezkerra Perezen Daonaz egitasmoa izan zen garaile

Merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresa. Ondarroako Andreia Patricia Gómez Branco Cuerpo y Almak jaso zuen saria.

Gazteek sortutako negozio-ideia. Bost saridun izan ziren: Ondarroako Beti Prest autoak, Markina-Xemeingo Buztarri taberna, Markina-Xemeingo Emese, Ondarroako Pastor eta herri bereko Urki.

Emakume ekintzailea. Lekeitioko Miren Maitena Mendieta Ibarrak jaso zuen saria, Bare-Bare arnas leku egitamoarekin.

Publikoaren saria

684 pertsonek parte hartu dute lehiaketan

Instagram lehiaketan684 pertsonek bozkatu dute gustukoen duten proiektua. Irabazlea Olaia Golzarri Markina-Xemeindarra izan da.