Palinddromoen berrogeita hamar kartel baino gehiago batzen dituen 'Markos Gimenoren Karteletrak' izeneko erakusketa ikusi ahal izango da astelehen honetatik apirilaren 28ra bitartean Gernika-Lumon kokatutako Euskal Herria Museoan. Gaur goizean inauguratu egin dute exposizioa Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, eta erakusketaren komisarioak eta liburuaren egileak diren Joseba Sarrionaindia eta Esteban Montoriorekin batera.

Leixuri Arrizabalagak azaldu duenez, "Euskal Herria Museoaren helburu nagusia euskal historia eta kultura ezagutaraztea da, eta horren ardatz nagusia euskara da, gure hizkuntza. Oraingo honetan Museoak euskarak artearekin bat eginda eskaintzen dituen jolas eta erabilera aberatsak biltzen dituen erakusketa antolatu du. Markosen familiaren eta lagunen lankidetzari esker sortutako erakusketa da, baina, batez ere, Markosek bere bizitzan zehar sortu zituen palindromoekin lotutako materiala biltzeko eta balioztatzeko egindako lanari esker".

Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskal Herria Museoan 2024ko apirilaren 28ra arte bisitatu ahal izango den erakusketa honetan horietako 53 kartel ikusi ahal izango dira; ordea, "Markos Gimenoren 101 letrakartel" liburuan Markosen beraren eta askotariko egile erreal eta fikziozkoen idazkien bidez Joseba Sarrionandiak glosatutako ehundik gora irudi biltzen dira, eta diseinua Esteban Montoriorena da.

Erakusketa Markos Gimenok euskaraz idatzitako palindromoetatik sortutako berrogeita hamar kartel baino gehiagok osatzen dute. Kartel horietako batzuk Markosek berak diseinatu zituen, baina Joseba Sarrionaindiaren lanari esker haren lagun askok eta bertako hogeita hamar artista baino gehiagok palindromo horiek kartel formatuan ilustratzen lagundu nahi izan dute, Markosekiko adiskidetasunari eta haren jenialtasunari egindako omenaldi modukoan. Erakusketak euskararen eta sorkuntza artistikoaren batasuna jasotzen du, hitzak arte bihurtuz.

Gehienak PVCn erreproduzitutako irudiak dira, kartel itxurakoak, baina bisitariak jatorrizko lanak ere aurkitu ahal izango ditu (collageak, akrilikoak, erliebeak, tintazko marrazkiak), besteak beste egile hauenak: Fernando eta Vicente Roscubas anaiak, Aristides Hernández (Ares) artista kubatarra; Jose Enrike Urrutia, Kapeau; Unai Iturriaga, Bigara edo Jose Antonio Azpilicueta ilustratzaileak; eta Gotzon Garaizabal eta Luis Zavalamendiaren erliebezko lanak. Gainera Markosen laguna eta zeramista den Esther Astarloaren lankidetzari esker Markosen palindromoetan oinarritutako zeramikazko piezak ikusi ahal izango dira.

Joseba Sarrionaindiak azaldu duenez, "Markos Gimeno ezagunagoa izateko garaia da. Bere bizitzak eta lanak denoi era askotako arloetan interpelatzen gaituela alde batera utzita, kartel palindromiko bakoitzak ezusteko linguistiko bat eta adimen joko bat proposatzen dizkigu. Eta, zalantzarik gabe, euskal komunitate duin, alai eta sortzaileago baten parte sentiarazten gaitu".

Markosen familiaren ekarpena eta gogo itzela oso garrantzitsuak izan dira erakusketa osatzeko, Markosen beraren objektu pertsonalak utzi baitituzte. Gainera, Iratxe Ugaldek, Markosen lagunak, erakusketa honetarako prestatu duen ikus-entzunezko sorta hautatu batek bere lana hobeto ulertzen lagunduko du.

Markosen lana biltzeko eta ezagutzera emateko ideiak gaur aurkeztutako liburua eta erakusketa ekarri ditu, besteak beste. Gimenok ehunka, milaka palindromo asmatu edo eraiki zituen. Joseba Sarrionandiak haietako 101 aukeratu ditu. Pamielak argitaratutako liburu horretan, palindromo bakoitzak interpretazio grafiko bat izango du. Lan horretan, Esteban Montorio (Monti) ilustratzailearekin batera, beste asko egongo dira (Jose Antonio Azpilicueta, Unai Iturriaga, Gotzon Garaizabal, Sonia Gonzalez, Roscubas...). Horregatik du izenburuan Letrakartel palindromoa. Joseba Sarrionandiak erreplika literarioa eman dio palindromo bakoitzari. Beraz, palindromoaren, irudiaren eta Joseba Sarrionandiaren testuaren arteko narrazio bat da. «Marcos Gimenoren 101 letrakartel» liburua aurtengo Durangoko Azokan egongo da, Bizkaiko museoen eta Pamielaren standetan. Gainera, liburuaren egileek abenduaren 8an aurkeztuko dute, 19:30ean, Durangoko Azokan.

Erakusketa Euzkadi egunkarian 1923ko abenduaren 16tik 1924ko otsailaren 29ra egin zen euskarazko lehen palindromo-lehiaketaren mendeurrenarekin bat dator. Ebaristo Bustintza, Kirikiñok, antolatu zuen, eta palindromista emankorrena Bernardo Garro mundakarra izan zen.