Orain dela 31 urte ekin zioten Bermeon eta inguruko herrietan gertatzen den edozein larrialdiri erantzuten. Eta denetariko ezbeharrak izan dituzte euren jardunean: suteak, uholdeak, edozelako istripuak... Baina hiru hamarkada hauetan ez dute sekula herriko jaiei hasiera ematen dion txupina botatzeko enkargua. Aurtengora arte. Izan ere, eta jendarteak hautatuta, Herri Babesako kideak datorren ostegunean –irailaren 7an– igoko dira udaletxeko balkoira Andra Mari eta Santa Eufemia festei hasiera emateko. “Oso pozik gaude herritarrek pregoia guk ematea nahi izan dutelako, eta horrek esan nahi du egiten dugun lana errespetatzen eta eskertzen dutela. Eskerrik asko!”, zehaztu zuen atzokoan.

Nadia Nemeh Shomaly eta Endika Etxeberria udal ordezkariekin batera emandako prentsaurrekoan. Herri Babesako kideek “esker onez” hartu dute txupina botatzeko ardura. “Gure jarduna balioztatzen denaren” seinaletzat hartu dute bolondres taldeko arduradunek jasotako enkargua. Eta Andra Mari eta Santa Eufemia jaietarako oharra eman zuten. “Denon artean zaintzeko” deia luzatu zuten, nahiz eta “gu lanean arituko garen, beti egin dugun moduan. Laguntzeko prest izango gara jai egun horietan”. Izan ere, Bermeoko Herri Babesa, “herriaren kalamitate, katastrofe edo arrisku egoeren aurreikuspen eta gutxitzea aztertzen duen zerbitzu publikoa da, era berean pertsonen eta ondasunen osotasun fisikoa zaintzen du, egoera horrek gertatuz gero”, nabarmendu zuten Udaletik.

Nobedade nagusiak

Bestetik, aurtengo jaietan izango diren nobedade nagusiak errepasatu zituzten Nemeh Shomaly alkateak eta Etxebarria zinegotziak. Eta hauen artean bat goraipatu zuten: aurtengoan “inoiz baino jai inklusiboagoak” izango direla. Pertsona guztiek izan dezaten Bermeoko jai giroaz gozatzeko aukera, irailaren 6an eta 12an barrakak isilak izango direla aurreratu zutena, “hots, ez dute musikarik edo zaratarik egingo autismoa edota dibertsitate funtzionala duten pertsonen onurarako”, esan zutenez. “Mota horietako egoera dituzten pertsonek ere barrakez gozatzeko eskubidea dute, gainerakoek egiten dugun bezala, eta horregatik, Bermeoko Udaletik beste urrats bat eman dugu, eta lehenengo aldiz bi jardunaldi antolatu ditugu zaratarik gabe. Andramari eta Santa Eufemia jaien 2023ko edizioa, beraz, herritar guztientzat pentsatuta dago, baita zaratak bereziki eragiten dien eta guneko bolumen handia dela eta atrakzioez goza ezin dezaketen pertsonentzat ere”, adierazi zuen Etxebarriak, Kultura eta Gizarte Ongizate zinegotziak.

Neurria “aurrerapausotzat” jo zuten Bermeoko Udaleko ordezkariek “pertsona guztiek, edozein baldintzatakoak izanik ere, egun hauetan zehar Bermeo dibertimenduaz eta alaitasunaz betetzen duten jaiez gozatzeko aukera izan dezaten”, azaldu zutenez. l

Herri Babesa

  • Txupina. Jaiak irailaren 7ko gauean hasiko dira, Goiko plazan Bermeoko jaiak irudikatzen dituen Xixili lamiaren aurkezpenarekin eta Nadia Nemeh Shomaly alkatearen eta Babes Zibileko kideen pregoiarekin.
  • Herritarren esku. Udalak “herritarrei egun handi honetan alkatearekin balkoian nor egongo den aukeratzeko aukera emateko abian jarritako lehen parte-hartze prozesua” jarri zuen martxan. Herri Babesa Bermeoko Txosnen Batzordeari eta, San Frantzisko Ikastetxe Publikoari gailendu zi-tzaien: 250 boto jaso zituzten, Bermeoko Txosnen Batzordeak 159 boto eta San Frantzisko Ikastetxe Publikoak, beste 228.