Biziberrituta, Itxas Soinua musika jaialdiak bere 43. edizioa beteko du aurtengoan. Aro berriei tinko eusteko proposamenaza, jatorriz ahots zurien abesbatz historikoa sostengatzeko lana hartu zuen elkarteak “ahalegin handiak egin ditu Itxas Soinuaren Musikaldia aldaketa hauetara moldatu eta ekimen duin eta errespetagarria mantentzeko”. Komunikazio tresna berriei eutsita, “aurrera pausuak emateko bidean, lan-ildo berriak pentsatzen eta eztabaidatzen hasiak gara eta jada jorratzen hasiak gara Lekeitioko Udala bidelagun dugula”, aipatzen dute antolatzaileek. Eta honen adierazgarri izango dira asteburu honetan hasi eta hurrengo astean –abuztuaren 11tik 15era, zehazki– egingo diren kontzertuak, Harribitxi, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Magna Boskotea, Sarrabete eta Itsasoa Laino Dago taldeen partehartzearekin. Ohi legez, jardunaldi bakoitzeko talde batek beteko du eszenatokia iluntzeko 22:00etatik aurrera Andra Mariaren Zeruratzea Parrokian eskainiko diren emankizunetan.

1922an jaio zen Bilboko Orkestra Sinfonikoaren irudia.

“Musikaldiaren esentzia azpimarratu nahi dugu eta horri jarraikortasuna ematea dugu ardatz hemendik aurrera. Hau dela eta, egituraketa sendo batean apustu egiten dugu, ekitaldiak bermatu eta jaialdiaren iraunkortasuna sendotu asmoz”, nabarmendu dute antolakuntzatik. Izan ere, “berriztapen prozesuaren baitan” hartutako erabakien ondorioz, “lan lerro berriak sortu eta banaka batzuk martxan jarri nahi ditugu aurten, komunikazioari merezi duen garrantzia emanez”. Ekimenak planteatutako lan-lerroen artean hauexek dira aipagarrienak: komunikazio estrategia irmo eta jarraia garatzea, ekitaldi asteko testuinguruaren azterketa egitea, musikaldiaren helburuen eguneraketari ekitea eta formatuaren berrazterketar jorratzea. Eta horretarako hautatu dituzte aurtengoan kontzertuak eskainiko dituzten bost taldeak, beti ere ohiko erronkei aurre egiteko, tartean direlarik “musika klasikoa eta abesbatza bultzatzea, sektore profesional eta amateurra bultzatzeko egituraketa sortzea, sormena sustatzea, musika klasikoa, lirikoa, goi mailako musika eta abesbatzaren mundua eskuragarriago eta parte hartzaileago izatea eta komunikazio estrategia eratzea urtean zehar egingo diren ekintzek ikusgarritasuna izan dezaten”. Itxas Soinua musikaldia ez da nolanahiko ekitaldia Lekeition, zenbait itzulkini erantzuna ematen diona baino. “Itzulkin sozialaren alorrean “Lekeitioko herriari goi mailako musika eskaintzea” du garrantzizko kontua. Kultur itzulkinari dagokionez, “ondare legatua duen Itxas Soinuaren garapena bermatu” nahi dute. Eta azkenik, itzuklin ekonomikoa ere badago, “goi mailako musika eta abesbatzen erakuslehio” dena.

Harribitxi bikotearen emanaldi bat.

Musika emanaldien artean, egitasmoak Harribitxi taldea ekarriko du Lekeitiora, abuztuaren 11n. “Iker Álvarez González eta Aitor Urquiza Cirauqui musikariek osatzen duten duo musikala”, proiektuaren ardatz nagusia “txistua da, bere familiako eta beste tradizio eta kulturetako musika tresnen laguntzaz”. hurrengoko egunari dagokionez, abuztuaren 13an, larunbatean, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren txanda izango da. 1922an sortutako elkarteak Arriagaren, Mozarten edota Schuberten lanak izango ditu bere egitarauan. Eta programazioarekin jarraituz, hirugarren egunean –abuztuak 14–, Gasteizen bizi diren bost musikarik osatzen duten Magna boskotearen txanda helduko da. “Barrokoko melodietatik, XX. mendeko musikara bidaiatuz, Magna Boskotean 60 minutu inguruko kontzertu batean metal-haizezko kintetoa sortzeko historian izan diren obrak aurkezten dituzte”, azaldu dute antolakuntzako ordezkariek.

Azkenik, musikaldiak beste bi emanaldi izango ditu, 43. edizioaren baitan eskainiko diren azken biak. Alde batetik, lehendabizi –abuztuaren 13an–, Gorka Bravo Barreiro eta Pablo Buenoren eskutik sortutako Sarrabete proiektuaren txanda izango da. Sarrabetek “oholtza gaineko proposamena boskote formatuan eskaintzen dute, perkusioa, baxua, gitarra, zarrabetea eta ahotsak osatua”. Eta honi ekimeneko azken emanaldiak hartuko dio testigua, Itsasoa laino dago taldeak. Berau Tarantela dantza konpainia eta Oreka Quartet soka laukotearen arteko lana” dela jakinarazi dute, “musika euskal autore ospetsuen lanak eta gure folklorean oinarritutako konposizio berriak konbinatzen dituelarik”. Esan beharra dago, azkenik, egitasmoak Bizkaiko Foru Aldundiaren sostengua duela.

Itxas Soinua 2023

Partehartzaileak. Lekeitiok Harribitxi, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Magna Boskotea, Sarrabete eta Itsasoa Laino Dago taldeen emanaldiak jasoko ditu, abuztuaren 11tik 15era arteko musikaldian. Kontzertuak egunero izango dira, iluntzeko 22:00etatik aurrera, udalerriko Andra Mariaren Zeruratzea parrokian.

Helburuak. Musika klasikoa eta abesbatza bultzatzea, sektore profesional eta amateurra sustatzea, sormenean eragitea eta musika klasikoa, lirikoa, goi mailako musika eta abesbatzaren mundua eskuragarriago eta parte hartzaileago izatea dira musikaldiaren helburuak.