Lekeitioko udal gobernua EAJren eskuetatik EH Bildukoetara egin zuen salto pasatako maiatzaren 28ko hauteskundeen ostean, eta ordutik 40 egun pasa direnean, denbora labur honetako balorazioa egin zuten atzokoan toki-administrazioaren arduradun berriek. Lekeitiarrek eskatutako aldaketan hasiak, “finantza egoera a priori ez dugula txarto topatu” nabarmendu zuten lehenengoz; baina baita tarte horretan egindako erradiografian baieztatu dutenez, “turismoari eta kanpoko itxurari begira” jardun da orain arteko Udalak, “Lekeitio eta herritarrak deskudidatuta izan ditu” Udalak azken zortzi urteetan inza duen ibilbidea. Horretaz aparte, hiru kontu jo dituzte estrategikotzat: Maderas de Lekeitioko lurren negoziazioak, Abaroa-Uribarren erresidentziaren egoera hobetzea eta Udaleko langileria arloa zaintzea.

Maderas de Lekeitioren lursailari dagokionez, eta negoziazioak eten ostean, hauek “berriro hartu ditugu eta gaia ondo aztertzen gaude, ematen ditugun pausuak Lekeitiorentzat ahalik eta onuragarrienak izateko”. Abaroa-Uribarren egoitzari buruz, lehen erabakia hartu dute. “Argi bereiztea zein den Gerentziari dagokion egitekoa eta zein Patronatuari dagokiona”, izan ere “zaintza erdigunean jarri behar” dela irizten diote. Azkenik, langileria arloan “deskuidu handia izan” dela azaldu dute. “Ordezkapenak ez dira betetzen, lan poltsarik ez dago, sindikatuetatik jaso dugu urteetan ez direla alkatetzarekin batu… Partxez betetako arlo bat da, datozen urteetan lehentasuna eman eta ondo ordenatu beharko dena”.

“Aldaketa hasi da”

Azkenik, Ander Aldazabal buru duen gobernu-talde berriko bozeramaileek “aldaketa hasi dela” gaineratu zuten atzo egindako agerraldian. “Turismoari begira dagoen herria izatetik zaintzen duen herria izatera egin nahi dugu bidea, eta horretan ipiniko ditugu geure energia, geure denbora eta gure ilusioa”, zehaztu dutenaren arabera.