Bi panel berri instalatu egin ditu Ugao-Miraballesko Udalak erakundeak berak martxan jarritako 'Ezagutu Ugao zure kontura' izeneko proiektu turistikoa indartzeko. Lehenengo panela Hiru Hodien Iturrian kokatuta dago, eta bestea, aldiz, Jane Jauregian.
Udalak bi informazio euskarri berri hauek instalatu ditu, 2022ko otsailean sortu zen udal ekimen honi bultzada berri bat emateko helburuarekin.
"Ezagutu Ugao zure kontura" programak Ugaoko herritarrak eta bisitariak udalerria ezagutzera gonbidatzen ditu, bertako kaleak eta auzoak zeharkatzera eta hiribilduaz modu autonomoan gozatzera, bi ibilbideren bidez. Ibilbide horien interesguneek QR kodeak dituzte, eta horietan ondare historiko, artistiko eta kultural interesgarriariburuzko informazioa kontsultatu daiteke.
Adierazi bezala, proiektu turistikoak bi ibilbide zehazten ditu udalerri osoan zehar. Bi bideen abiapuntua udaletxea da. Kanpoko bideak Udiarraga (QR kodeak auzoko postontzien parean daude) eta Markio (QR kodeak baselizaren ondoan kokatzen dira) zeharkatzen ditu, besteak beste. Enklabe horiek, herriak bere historian zehar inguruko elizateekin (Arrigorriaga, Arrankudiaga eta Zeberio batik bat) izandako jurisdikzio arazoen emaitzak dira. Ibilbide horrek berak Bilboko Burdin Hesiaren historiara sarbidea ematen du, Espainiako Gerra Zibilean Bizkaiko hiriburua bera defendatzeko eraikitako harresi defentsiboa.
Barruko bideak herrigunetik murgiltzen gaitu. Bartolome Deunaren Eliza, Hiru HodienIturria, Renfeko tren geltokia, Udiarraga Andramariren baseliza eta Jane Jauregia ibilbidea osatzen duten leku esanguratsuenak dira. Kokapen nagusi hauetan dauden QR kodeak eskaneatuz, bideo laburrez goza daiteke, eta horien bidez, Ugao-Miraballes modu autonomoan ezagutu.
Gogoratu behar da bi ibilbideetako edozein egin nahi dutenek mapa bat duen informazio-eskuorria eskuratu dezaketela doan, bai Udaletxean bai Jane Jauregian.