Astearte honetan goizean, ekainak 27, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko foru-diputatu Teresa Laespadak eta Trapagarango alkate Miguel Ángel Gómez Viar-ek Bizkaiko meatzaritzaren historian emakumeek izan duten eginkizuna agerira ekartzeko sortutako 'Burdinazko emakumeak' izeneko erakusketa inauguratu egin dute.
Erakusketa honen bidez, omenaldia egin nahi zaio emakumeek burdinazko mendien meatzaritzaren historian izan zuten protagonismo funtsezko eta ezkutatuari. Historian doktore den Pilar Pérez Fuentes andreak ere parte hartu du inaugurazio-ekitaldian.
Erakusketaren ildo beretik, liburu bat prestatu da, eta oroitzapenezko plaka bat jarri zen, joan den martxoaren 16an, Gallartako Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan. Hain zuzen ere, museo horretan kokatuko da behin betiko gaur inauguratutako erakusketa, Ortuellatik eta Muskiztik igaro ondoren. Burdinazko emakumeei omenaldia egiteko ekimena Podemos batzarkide-taldeak proposaturiko agindu baten parte da, Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez adostu dute.
Laespada diputatuak erakusketaren inaugurazioan adierazi duenez, emakumeak Bizkaiko meatzaritzaren historian izan direnaren errealitatea, bai eta gure Lurralde Historikoko langile nahiz sindikatuen mugimenduaren sorrera ere, «ezkutuan egon da».
«Eta historia epiko bat kontatu digute, kontatu diogu geure buruari... baina gizonezkoen historia bat. Gizonezkoak izan dituena protagonista: gizonak meategietan lanean, sindikatuetan, alderdi politikoetan, udaletan, meategien jabe ziren enpresetan, gizonak betiere grebak menderatzera etorri ziren gudarosteetan, gobernu zibil eta militarretan... gizonak, gizonak, gizonak... Bai, eta halaxe izan ze. Baina ez hala bakarrik. Gizonak ez ziren protagonista bakar izan epikaren eta aldaketa historikoaren hamarkada haietan » ohartarazi du Laespadak.
Ildo horretan, esan du, 'burdinazko emakumeek' meategietan lan egin zuten, eta, horretan zihardutenak «gutxi izan arren», era berean hartu behar izan zuten «euren bizkar gainean zorigaiztoko etxe haien zama, betiere pertsonentzat bainoago animalientzat pentsatua zegoen ustiapen ekonomikoko sistema baten pean».
'Burdinazko emakumeak: historia eta memoria' izeneko proiektu honetan, euren lankidetza eskaini dute Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak (argazki-artxiboak eta objektuak) eta AHOAk (ondare immaterialaren artxiboa: izan ere, erakusketak QR kode batzuk ditu aukera ematen dutenak garai hura bizi zuten eta oraindik bizirik diren azken pertsonei eginiko elkarrizketen audioak entzuteko).