Síguenos en redes sociales:

Dastatuarte jaialdiak egitarau zabala eskainiko du

Aurreko edizioak izandako arrakasta errepikatu nahiean, hemen da Dsatatuarte Food & Art jaialdiaren edizio berri bat. Gorlizek uztailaren 7tik 9ra bitartean jasoko du ia berrogeita hamar jarduerez osatutako programazioa izango duen laugarren edizio hau.

Ekimenak udalerriko lau espazio beteko ditu: Eleiz Plaza, San Pedro Plaza, Ibarreta Plaza, Ondargana Kanpa eta Sertutxena. Jaialdiak, herria dinamizatzea, gorliztarrak, inguruko bisitariak zein turistak erakartzea eta egun horietan Gorliztik igaroko diren pertsona guztiei kalitatezko proposamen bat eskaintzea du helburu, besteak beste.

Hiru egun horietan zehar, Gorlizko kaleak pintxoz, foodtruckez, postu gastronomiko eta artisauez, tailerrez, antzerkiz, zuzeneko musikaz, dastaketez, erakusketez eta jende guztiarentzako ekintza ugariz beteko dira. “Udalak urtero antolatzen duen ekimen garrantzitsu eta politenetako bat da. Hiru egun izango dira kulturaz, musikaz, antzerkiaz, magiaz, pinturaz, literaturaz eta, nola ez, gure gastronomiaz gozatzeko. Beraz, herritarrak gonbidatzen ditut Gorlizko artea disfrutatzera eta dastatzera, eta gorliztarren gozamenerako bereziki prestatu den jai handi honetan parte hartzera.”, adierazi du Ekaitz Pau, Gorlizko alkatea.

Aurtengo edizioko plater nagusietakoa pintxo lehiaketa izango da. Gorliztarrek beste horrenbeste tabernatako hamar bat pintxo dastatu ahal izango dituzte. Herritarrek pintxo-bonua zigilatu eta sarien zozketan parte hartu ahal izango dute. Horretarako, parte hartzen duten establezimenduetako ontzietan utzi beharko da bonua. Parte hartzeko epea uztailaren 9ko 16:00ak arte egongo da zabalik.

Halaber, jaialdiaren egunetarako, Gorlizko hiru ostalaritza-establezimenduk hiru proposamen zoragarri eskainiko dituzte, ahosabai zorrotzenen gozamenerako. Hainbat foodtruckek gourmet produktuak ere eskainiko dituzte: itsaski eta iberikoak, gourmet hanburgesak, saltxitxa ogitartekoak, taloa eta Gorlizko garagardo artisanala.

Aurten ere, herriaren eta jaialdiaren izaera solidarioa uztailaren 9an, igandea, 14:00etan, ASEBIER Euskadiko Gaixotasun Arraroen Elkartearen (EBH) alde Elizaren Plazan egingo den paella solidarioan islatuko da.

Eta, nola ez, jaialdian kulturaz gozatzeko planak ere badaude, horietako asko aire zabalean. Uztailaren 7an, ostirala, hasiko da jaia, 20:00etan, Disko Festa SOUNDen kalejirarekin. Bertan, Attitude Dantza Eskolak prestatutako koreografia batek Ibarreta Plazatik Elizako Plazara animatuko ditu parte-hartzaileak. Gainera, beste jarduera askoren artean, PerroLoco taldeak kontzertua eskainiko du 20:00etan Elizako Plazan. Plazako karpan magia eta mentalismo ikuskizuna ere izango da, Max Verdiéren eskutik.

Uztailaren 8an, larunbata, Ondargana Kanpan lehiaketan parte hartu duen pintxoetako bat egiteko tailerraz gozatzeko aukera izango da (12:30). San Pedro Plazak kanape tailer bat hartuko du (12:30), eta ArteGunean eta GastroGunean zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da. Arratsaldean, besteak beste, Oliber Magoak magia tailerra eskainiko du Ondargana Kanpan (19:00) eta Ibarreta Plazan munduko dantza ikuskizuna (19:30) izango da. Juanjo Albiñana umorista ere arituko da 22:00etatik aurrera Elizako Plazan bakarrizketa batekin.

Hirugarren eta azken egunean, uztailaren 9an, igandea, Elizako Plazako paella solidarioaz gain, San Pedro Plazan arte tailerrak egingo dira (12:00), Sertutxenan literatura dastaketa bat egingo da (12:30), eta Elizako Plazan bingo musikala (14:30). Arratsaldean, Ibarreta Plazan antzerki emanaldi bat programatu da Mr Fracken eskutik (18:30) eta Elizako Plazan talo eta salmenta tailer bat, foodtruck ezberdinak, garagardo artisanala eta antzerki saio bat izango ditugu, Beatriz Larrañagaren “Soy la bomba” (20:30).

Gainera, 3 egunetan zehar erakusketa ugariz gozatzeko aukera izango dute gorliztarrek zein bisitariek. Azkenik, uztailaren 10ean, Sertutxenan, pintxoaren irabazlea eta pintxoen lehiaketan parte hartzen duten establezimenduetako hautestontzietan utzitako pintxo-bonoen arteko zozketak iragarriko dira.

Izen-ematea turismo bulegoan

Aipatutako jarduera horietako batzuez disfrutatzeko aldez aurretik izena eman behar daTurismo Bulegoan (Eloisa Artaza 1), 94 677 43 48 telefonora deituz edo info@visitgorliz.eus posta elektronikoaren bidez. Turismo Bulegoa egunero dago zabalik 10:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.