Ostiralean irekiko da itsas-prozesiora ontzian joateko zozketan izena emateko epea
Datorren ostiralean, ekainaren 16an, ireki egingo du Santurtzik Karmengo egunean hildako arrantzaleen omenez egingo den itsas-prozesioan parte hartzeko zozketan izena emateko epea.
Hortaz, Udalak herritarren eskura jarriko duen ontzian joateko zozketan parte hartu nahi dutenek, ekainaren 16tik (ostirala) uztailaren 4ra (asteartea) bitartean, 9:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 21:30era, Casa Torre jauregian eskainiko diren txartelak bete beharko dituzte (pertsona bakoitzeko bat).
Zozketa uztailaren 5ean egingo da, 12:00etan, Casa Torre jauregiko Higarillo aretoan, eta uztailaren 7an irabazleen behin betiko zerrenda jarriko da udalaren webgunean eta Serantes Kultur Aretoaren webgunean. Halaber, sare sozialetan zabalduko da eta zerrenda Casa Torre jauregian bertan egongo da ikusgai.
“Nire txoko kutuna” argazki-lehiaketako irabazlea
Bestalde, Santurtziko Udalak, turismo bulegoaren bidez, “Santurtziko nire txoko kutuna” ekimena jarri zuen abian, Instagram sare sozialeko lehiaketa bat, herritarrak herriko argazkiak igotzera gonbidatzen zituena, inguruko gauzarik nabarmenenak erakutsi eta ezagutarazteko. Argazkiak aurkezteko epea igarotakoan, zeintzuk izan diren bi saridunak jakinarazi dute.
Lehenengo saria, 200 eurokoa, Javier Rodríguez Alburquerquek irabazi du, arrantzaleen lana erakusten duen argazki bati esker. Bigarrena, berriz, 100 eurokoa, Rubén Monasterio Leónek irabazi du, arrantza portuko argazki bati esker. Bi horiek izan dira #mirinconfavoritodesanturtzi, #Visitsanturtzi eta #Santurtzi traolekin lehiaketan aurkeztu diren 150 argazkietatik onenak.
Deialdiaren helburua izan da lehiakideen sormena bultzatzea eta herriko turismoa sustatzea, herritarren parte-hartzearen bidez. Gainera, argazki irabazleak “Nire txoko kutuna” proiektuko sari nazionalak irabazteko aukera izango dute orain. Sari horiek irailaren 27an emango dira ezagutzera, Turismoaren Munduko Egunean.