Bego Calvo eta Michel Merino izango dira datorren larunbatean, maiatzak 27, Portugaleten egingo den Euskal Ezkontzaren bigarren edizioko protagonista nagusiak. Ekitaldi horretan, udalerriko bizilagunak iraganera itzultzeko aukera izango dute. Ekitaldia Portugaleteko alkate Mikel Torresek aurkeztu egin du, Kultura eta Jaietako zinegotzia, Estibaliz Freije, Gaurko Gazteak taldeko presidentea, Andoni Alonso eta ezkontzako protagonistekin batera.
Portugaleten 2018ko ekainaren 2an egin zen lehen aldiz horrelako eskontza bat eta ikusmin handia sortu zuen udalerrian. Bost urte geroago, gure arbasoek gure herrian ospatzen zituzten ezkontzetara eramaten gaituen ekitaldi folkloriko-historiko hau berreskuratu da.
Gaurko Gazteak taldeak antolatutako jarduerak Portugaleteko Udalaren babesa du eta Portugaleteko Txistu Zaleak taldearen, herriko dantza taldeen, Merkatuaren eta Alde Zaharreko ostalari eta merkatarien laguntza ere bai.
Ezkongaiek, Portugaleteko bizilagunek, ezkontza ospatuko dute errito zahar honen elementu ia guztiak beteta. Ez da, ordea, idirik izango, duela zenbait urtetik hona gure udalerrian ez baitago animaliarik kalejiretan, eta zeremonia ez da erlijiosoa izango; aitzitik, Mikel Torres Portugaleteko alkateak egingo du ezkontza, Solar plazako kioskoan, 13:30ean.
Emaztegaia eta senargaia Buenavista eta Pando auzoetatik abiatuko dira, hurrenez hurren, eta San Roke plazan elkartuko dira 11:45ean. Horretarako behar den janzkera daramalarik, bikoteak desfilea egingo du, segizioarekin batera, Rantxeria plazaraino, eta bertan dotearen banaketa antzeztuko da. Horren ostean, tradizioak agindu bezala, ezkongaiek mistela eta pastak banatuko dizkie gonbidatuei.
Rantxeria plazatik Coscojales kalea zeharkatuko dute, kalejiran zeharkatu ere, Solar plazara iristeko. Bertan, Mikel Torres alkateak egingo du ezkontza.
Zeremoniaren ondoren, ezkongaiek eta gonbidatuek bazkari herrikoia izango dute Merkatuan. Nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute oturuntzan, edukiera bete arte, baldin eta aldez aurretik Casa Vicente edo Marije Taberna establezimenduetan txartela erosi badute. Txartela erosteaz gain, ezinbestekoa izango da ekitaldiarekin bat datorren euskal janzkera tradizionala eramatea.
Egun berezi honi amaiera emateko, 19:00etan erromeria egingo da plazan, ezkongai eta gonbidatuei ezkontza ospatzen lagundu nahi dieten guztientzat.