Portugalete izango da Gure Zirkua ikuskizuna jasoko duen Ezkerraldeko lehenengo udalerria. Gaur goizean prentsaurreko batean iragarri dute Iñaki Vázquez Asti-Leku Ikastolako zuzendariak, Iker Galartza aktoreak, Txema Ezkerra alkateorde eta Gazteria zinegotziak eta Koldo Nuñez Euskara zinegotziak.

Gure Zirkuaren karpa Asti-Leku ikastolaren Lehen Hezkuntzako eraikinaren aurrean paratuko da.

Ezkerra zinegotziak nabarmendu egin du zer-nolako balio estrategikoa duten Gure Zirkuaren moduko ikuskizunek euskararen normalizazioari begira: “Hizkuntza-transmisioa helburu estrategiko ororen oinarria da azken batean. Azken urteotako bilakaera aintzat hartuta, belaunaldi gazteen jabekuntza-prozesua bermatzeko bidean dago; etorkizunean, halaber, bermatzen jarraitu beharko dugu”.

Asti-Leku ikastolako zuzendariak adierazi duenez, “Oso pozik gaude, Portugaleteko Udalaren Euskara Zerbitzuarekiko lankidetzari esker, gure ikastolako lurrak paratu ditugulako gure hizkuntza eta kultura sustatzeko hain garrantzitsua den jarduera bat aurrera eramateko. AstiLekun tinko sinesten dugu euskararen erabilera sustatu behar dela eta horretan laguntzen duen edozein ekimen babestu behar dela. Pozik gaude, beraz, gure ikastolako lurrek jarduera hau hartu izanaz eta espero dugu etorkizunean ere elkarlanean jarraitzea. Eskerrik asko gurekin kontatzeagatik.”

Iker Galartza aktoreak esan duenez “inork ez luke Gure Zirkua galdu beharko, euskal kulturaren parte izan nahi duten guztientzat delako. Ekainaren 23tik aurrera, beraz, aukera bikaina izango duzue zirkuaren kultura ezagutzeko.”

Koldo Nuñez zinegotziaren hitzetan, “Portugaleteko Udaleko Euskara Sailak funtsezkotzat jotzen du euskarari eta euskal kulturari lotutako kultur-produktuak gurasoei ezagutaraztea eta eskuragarri jartzea. Hori dela eta, euskara hutsezko zirkua ekarri nahi izan dugu.”

Hona hemen Gure Zirkuaren emanaldien egun-orduak Portugaleten:

  • Ekainak 25 - 18:00 eta 20:30
  • Ekainak 29 - 19:00
  • Ekainak 30 - 18:00 eta 20:30
  • Uztailak 1 - 18:00 eta 20:30

Sarrerak antolatzailearen webgunean eros daitezke, bai eta zirkuko leihatiletan ere. Prezioa 13 eurokoa da.

Aipatutako emanaldi horietaz gain, beste emanaldi bat, doakoa, ere eskainiko da, Portugaleteko udalaren Euskara Zerbitzuak finantzatuta, ekainaren 23an 19:00etan. Doako emanaldi horretarako gonbidapenak udaletxeko Euskara Zerbitzuan eskuratu ahal izango dira (Gizarte Etxea, 2. solairua) ekainaren 19tik aurrera, 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Gehienez launa gonbidapen emango dira, agortu arte.

Informazio gehiago nahi izanez gero, interesdunek Gure Zirkuaren webgunea eta sare sozialak eta Portugaleteko Udalaren webgunea bisitatu ahal dituzte edo Udaleko Euskara Sailarekin harremanetan jarri. Halaber, informazioa eskuragarria izango dute Udaleko Euskara Sailaren sare sozialetan: Instagram, Facebook eta Twitter.