Datorren igandean, maiatzaren 21ean, amaituko da euskara sustatzeko helburua duen 'Lemoan, eskatu euskaraz eta saria irabazi!' izeneko kanpaina. Maiatzaren 2an jarri zen martxan, eta udalerriko 30 denda eta tabernek hartuko dute parte, 700 sari baino gehiago eskainiz.
Kanpainaren funtzionamendua erraza da. Hazka eta irabazi formatua dauka, eta herriko establezimenduetan erosketak euskaraz egiten dituztenak sarituko dira. Baita saiatzen direnak ere. Agurra edo eskaera euskaraz egiten duenari txartel bat emango dio dendariak, eta hazkatu ondoren ikusiko du saririk ote duen ala ez. Saria izango balu, Lemoako beste denda batean trukatu beharko du txartel saritua. Zorte gutxiago izanez gero, saririk gabeko txartelekin zozketa batean parte hartzeko aukera egongo da: Urduñako bainuetxean bi pertsonentzako bi egonaldi banatuko dira. Parte hartuko duten dendetan kutxa bat jarriko da txartel horiek sartzeko, baita Lemoako udaletxean eta Kotxepin kultur etxean ere.
Kanpaina honen bidez, kontsumitzaile eta dendari/tabernarien artean euskararen erabilera sustatu gura du Udalak. Lemoan dauden hizkuntza ohituretan eragingo da, eta herriko merkatari zein ostalariek babes zabala eskaini diote ere. Iaz egin zen kanpaina lehen aldiz, eta 22 establezimenduk eman zuten izena; horietako denda edo taberna batzuk itxi egin dira, edo jabez aldatu. Eta hala ere, parte hartzaile kopurua 30 establezimendura igo da. Iaz 500 sari baino gehiago banatu ziren, eta aurten 700etik gora.
Honako establezimenduek eman dute izena: Amalur, Amorrortu jatetxea, Arraibigane, Argazki Ilune, Atxeta taberna, Baskcod, Bikandi taberna, Bizkarra okindegia, Ezkur, Farmazia, Geltokia taberna, Herradura taberna, Intzuntza harategia, Iratxe Ruiz ile-apaindegia, Josier mertzeria, Jubilatuen taberna, Kresala taberna, Laiane ilea-apaindegia, Lemoa Doner Kebab, Lemoako Batzokia, Lemoa fruta denda, Lemones taberna, Lezat estetika zentroa, Lur 2000, Luzea ile-apaindegia, Mailuki taberna, Marigorringo, Ortuzar arrandegia, Tresnak eta Tximeleta.
Sariak denetarikoak izango dira: egin nahi den erosketan beherapena, gosari bat, otordu bat, edo produktu jakin batzuetan beherapenak… Sari horien zenbatekoaren herena dendariek eurek jarri dute, eta gainerakoa Lemoako Udalak.