Datorren ostiralean, maiatzak 5, hasiko da berriro Punta Begoña Galerien bisita-programa. Atzo hasi ziren itunpeko taldeentzako bisitak, baina datorren astera arte itxaron behar izango dute herritarrek.

Diseinua aldatu egin da eta berritzaileagoa da, monumentua oraindik ezagutzen ez duen jendeari zuzendua, baina baita bisitatu dutenei eta eduki berriak aurkitu eta obraren bilakaera jarraitu nahi dutenei ere.

Punta Begoñako historiaren eta “istorioen” garrantzia areagotu egingo da, eta aurreko bisitetan helezinak ziren espazioak bisitatu ahal izango dira, obra eta segurtasun arrazoiengatik. Garrantzi bereziko 13 gune identifikatu eta seinaleztatu dira, Punta Begoñako sekretuak ezagutzeko aukera emango dutenak, bai Getxo, Bizkaia eta Euskadiko historian izan duen garrantziaren ikuspegitik, bai galerietako hormen barruan izan diren giza istorioak eta pasadizoen ikuspegitik. Era berean, proiektua, obraren bilakaera eta monumentuaren etorkizuna ezagutzeko aukera emango dute.

Besteak beste, Flysheko haitzuloa, Abra gaineko Talaia, Lorategi Gotortua, Terraza Jagolea edo Historiaurreko Kokalekua bezalako tokiek beti estrategikoa izan den leku baten gakoak ezagutaraziko dituzte, neolitikotik XX. mendera, XVI. eta XVII. mendeetako defentsa-borroketatik, Bizkaiaren abiatze ekonomikotik, Gerra Zibiletik, frankismotik edo krisi ekonomiko eta sozial berrienetatik igaroz.

Bisitak, puntu bakoitzera fisikoki sartzeko aukera emateaz gain, horietan guztietan argazkiak, bideoak, testigantzak eta, kasu askotan, argitaratu gabeko irudiak modu digitalean eskuratzeko aukera emango du, Punta Begoñaren balio historiko bakarra ulertzeko. Ildo horretan, ostiral, larunbat eta igandeetako bisita gidatuekin batera, aste barruan ikastetxe, talde, elkarte eta abarrentzako aukera egongo da, eduki eta garapen orokor edo tematikoekin.

Fundazioak edo bizitza kultural eta artistikoko beste aktore batzuek antolatutako jarduerak, erakusketak, musika eta tailerrak ere programatuko dira, obrarekin eta bisitarekin bateragarriak direnak.