Hurrengo fasean sartu dira Durangoko Andra Mari portikoan egiten ari diren obrak. Dagoeneko arkupearen mendebaldeko hegala perimetralki itxi egin dute, eta lanak amaitu diren gunearen zati bat jendeari ireki zaio. Hala, Durangoko Udala aurrera darrai lanekin.
Hasierako inbertsioa 620.824 eurokoa izan zen, eta horietatik 200.000 laguntza publikoetatik datoz. Durangoko Udalak hainbat hobekuntza egin dizkio arkupearen egurrezko egiturari, urteetako mantenu faltagatik. Beste lan batzuen artean, egurrezko arkuen mantentze lanak eta garbiketa egin dira, baita behar duten eremuak indartu ere.
Bestalde, usoentzako tratamendu bat aplikatu da, eta datorren astean argiztapen sistema berri bat instalatuko da, une eta behar desberdinetarako eszenekin. Gainera, bi faseak amaitutakoan, Udalak elizpearen garbiketa integrala aurreikusi du, ondareari buruzko legeak ezarritako baldintzak betez. Dena dela, egurrezko arku batzuk egoera txarrean daudenez, langileek perimetroaren zati batean lanean jarraituko dute.
Arkupearen egiturak zenbait patologia ditu, batez ere urak eta denboraren joanak eragindakoak. 2022. urtearen hasieran, premiazko lanak egin ziren, sabai leihoaren egiturari eta beiraztatzeari behin behinean eusteko. Orain, aldiz, arkupe osoan ari dira lanean, egitura sendotuz.
Konponketa horiek egiteko, hainbat eskoramendu egin behar izan dira dorreen bidez, eta zeramikazko teila estaldura zaharra kendu eta beste bat jarri da horren ordez.
Elizpearen eraikuntza 1676. urtean agindu zuen Durangoko Udalak. Armadura Martin de Gabiria arotzak diseinatu zuen eta harrizko zutabeak Domingo de Barraicua harginaren ardura izan zen. 1681. urterako erabat amaituta egon zen.