Gero eta udalerri irisgarriagoa eta oinezkoentzat atseginagoa egite aldera, 756.449 euroko aurrekontua bideratu egingo du Durangoko Udalak Antso Estegiz kalearen eraldaketaren lehenengo fasea aurrera eramateko. Aste honetan lizitaziora atera du lehen faseko proiektua, eta horrek esan nahi du enpresak lanak garatzeko lehiaketa publikora aurkez daitezkeela jada.

Guztira, obrek 3.700m2 inguruko azalera hartuko dute. Gainera, kalea berrurbanizatzeak inguruko aparkalekuetan eraginik izan ez dezan, Udalak 100 plaza inguruko aparkaleku berri bat eraikiko du Larrasoloeta inguruan.

Antso Estegiz berriz urbanizatzeko proiektua 2022an idatzi zen, Larrasoloeta kalearen eta Komentukalearen arteko tartea hobetzeko, espazio atsegin, seguru, iraunkor eta irisgarri baten diseinuarekin.

Proiektuak bi fasetan banatzen du esku hartzea: bata Larrasoloetatik Erretentxura eta bestea Erretentxutik Komentukalera. Ondoren, komenigarritzat jo zen esku hartze hori Komentukalea San Frantzisko eta Antso Estegiz artean berriz urbanizatzeko proiektuarekin osatzea. Antso Estegiz kale berriarekin hasteko, Udalak esku hartze osoaren lehen faseari ekingo dio 756.449,52 euroko inbertsioarekin. Obrak egiteko epea zortzi hilabete ingurukoa izango da.

Antso Estegiz kaleak Durangoko alde zaharrarekin egiten du muga mendebaldetik. Larrasoloeta kalearen eta Komentukalearen arteko tartea 1970eko hamarkadan urbanizatu zen, eta ez da aldaketa nabarmenik gertatu kalearen konfigurazioari eta oinarrizko zerbitzuei dagokienez.