Síguenos en redes sociales:

MOCKER’S TALDEKO MUSIKARIA

Ritxi Blanco: “Geografikoki bananduko gara eta Mocker’s lozorrotuko dugu”

Hirukote durangarrak 2010. urtean hasi zuen ibilbidea eta Argi egin laugarren diska aurkeztuko du, bihar, apirilak 20, Berrizko Kultur Etxean 20.00etan

Ritxi Blanco: “Geografikoki bananduko gara eta Mocker’s lozorrotuko dugu”Sara Estebez

Jon García (ahotsa eta baxua), Ritxi Blanco (gitarra eta ahotsa) eta Asier Elías (bateria) durangarrek urteak daramatzate Mocker’s rock taldearen ibilbidea egiten. 2010ean hasi ziren eta, orain, hirukoteak bere laugarren diskoa kaleratu berri du, momentuz elkarrekin egingo duten azken lana izango da, eta azken hilabeteetan aurkezpen kontzertuak eskaintzen ari dira. Hurrengoa bihar bertan, hilak 20, izango da Berrizko Kultur Etxean, 20.00etan, 360º formatuan. Ritxi Blancok taldearen ibilbidea, azken lan honen xehetasunak eta datozen hilabeteetako nobedadeak aurreratu ditu.

Martxo hasieran kaleratu zenuten zuen azken lana, plataforma guztietan eskuragarri dagoena, eta orduz geroztik etengabe zabiltzate disko berri hau aurkezten. Nolako harrera izaten ari zarete?

—Harrera ona izaten ari da. Pozik geratu gara estudioko lanarekin eta oraintxe bertan asko disfrutatzen ari gara kontzertuetaz, intentsitate eta emozio handiarekin bizi ditugu eta hauetara datorren jendea ere gustura dabilela uste dugu.

Bihar, apirilak 20, Berrizko Kultur Etxean taularatuko duzue zuen lana, 360º formatuan. Formatu horrek kutsu berezia ematen dio zuzenekoari? Zer espero duzue?

—Aurreko diskoarekin probatu genuen formatua aurrenekoz eta zerbait berezia duela uste dugu, bai publikoarentzat bai jotzen dabilenarentzat. Hasteko, oso hurbila da publikoa eta musikaria maila berdinean daudelako elkar ukitzen, eta beste aldetik, publikoak taldea zirkulua eginez inguratzen du emanaldiaren intentsitatea handituz. Gogo handiarekin gabiltza Berriz herri kutuna dugulako, lagun on askorekin. Ea gau polita irtetzen den.

2019an egin zenuten bezala, grabazioa eta nahasketa Cadizeko Trafalgar Estudioetan egin duzue, Curro Urebarekin batera. Formulak funtzionatzen badu, jarraitu egin behar da, ezta?

—Bai, hala da. Aurreko diskora arte beti aldatu izan dugu grabatzeko tokia. Hala ere, Oreka Ahula (2019) albumaren grabazioa oso berezia izan zen guretzat. Alde batetik, Currok oso ondo ulertzen gaituelako eta, gainera, jorratzen dugun estilo psikodeliko eta progresiboan aditua da. Beste aldetik, Andaluzian bizi dugun esperientzia ederra da: Aste batean grabazioan murgilduta eskolako betiko lagunekin ez du preziorik. Oparia bezala hartzen dugu.

Noiztik daramazue lan berri hau prestatzen?

—Pandemiarekin batera Oreka Ahula-ren bira eten behar izan genuen eta Asier atzerrira joan zen. Pasaden irailean bueltatu eta momentu horretan hasi ginen Argi Egin diskoari forma ematen. Iraila-abendua bitartean konposizioan zentratu ostean, abenduko azken egunetan gauzatu genuen grabazioa.

Oraingoan ere euskara hutsezko lan baten aldeko apustua egin duzue, hiru abesti dira eta luzeak dira. Zer aurki dezakegu Argi Egin diskan?

—Mocker’s garaikidearen erretratu bat aurkitu daiteke. Musikalki riff eta erritmo pisutsuak, atmosfera progresibo eta espazialak, eta melodia handiko ahotsak dakar funtsean. Letrei dagokienez, testu existentzialak dira aurkitu daitezkeenak, eguneroko ezinegonei buruz hitz egiten dutenak. Hutsunetik bada ere, zalantza eta krisiei aurre egiteko aukera badagoela, betiere norberaren baitan sortzen den prozesu arrazional eta kontziente batetik hasita.

Aspaldi hasi zineten Mocker’s proiektuarekin. Atzera begira, zer balantze egiten duzue?

—Hala da. 2010. urtean Durangoko institutuko 16 urteko hiru lagunek hasitako proiektua da. Atzera begiratuta oso zorioneko sentitzen gara, bizitzako mugarri guztiak elkarrekin bizi izan ditugulako. Musikari dagokionez, bertako eta atzerriko plazetan aritzeko aukera izan dugu, gure barneak husten eta bidean sekulako jende ona ezagututa. Arima bete dugu urte hauetan guztietan.

Berrizen aritzeaz gain, laster Amurrion, Gasteizen, Tolosan, Zallan eta Iruñean ere izango zarete, eta gero?

—Kontzertu horien ostean beste hamar bat etorriko dira, laster iragarriko ditugunak. Ekaina bukaerarako Plateruenan antolatzen gabiltza jai bat bizitako guztia ospatzeko. Horren ostean, zoritxarrez, geografikoki bananduko gara, ezinezkoa egingo zaigu taldearen dinamika mantentzea eta Mocker’s lozorrotuko dugu.

Agur edo gero arte bat izango da?

—Gero arte bat izatea nahiko genuke, baina ez dakigu etorkizunak zer dakarren guretzat eta gure inguruarentzat. Zalantza horren zamarekin egotera ikasi beharko dugu momentuz eta ea bizitzak noizbait bueltatzeko aukera ematen digun. l