Udalerriko elkarteek urtean zehar egiten duten lana ezagutzera emateko helburua duen 'Plazara!' izeneko ekimena jasoko du larunbat eta igande honetan Durangok. Hala, tokiko elkarteetako ordezkariak herriko puntu ezberdinetan zehar egongo dira, herritarrei haien lana erakusteko. Aurreko edizioetan durangarrek partaidetza handia izan zuten.

“Durangoko elkarte ehunak potentzial ikaragarria du, baina askotan oharkabean pasatzen da gainerako durangarrentzat. Gure bizilagunek modu altruistan garatzen dituzten ekimen guztiak ikusarazteko lan egin behar dugu Udaletik. Helburu horrekin, ‘Plazara!’ ekimenaren edizio berri bat ospatuko dugu, elkarteak kalera atera daitezen eta gainerako durangarrek nolako lana egiten duten ikus dezaten. Espero dugu ‘Plazara!’rekin elkarte berriak deskubritu eta haiekin bat egitera animatuko den jendea egotea”, adierazi dute udal ordezkariek.

Ekimenak hurrengo puntuetan garatuko dira: Udal Euskaltegian, Landako I kiroldegian, Atletismo Pistan, Ibaizabal auzoan, Ezkurdin, San Agustin Kultur Gunean, Bizenta Mogel Bibliotekan, Andra Mariko portikoan, Intxaurrondoko Oktogonoan (Laubideta Kalea, 6) eta Madalenako ermitan.

Edizio honetan hurrengo elkarteek parte hartuko dute: Garabide, Uztai Taldea, Durango Kirol Taldea, Bidezabal Atletismo Taldea, Gerediaga Elkartea, Durangoko Orfeoia, Vicente Zavala Kultur Elkartea, Minbiziaren Aurkako Bizkaiko Elkartea, Asebier Gaixotasun Arraroen Euskadiko Elkartea, Izarra Astronomia Elkartea, Eragin, Jaizale Elkartea eta Bogoroditsie Abesbatza.