Eusko Jaurlaritzak 13.495.047,16 euroko aurrekontua bideratuko du Etxebarri BHI institutu berria eraikitzeko. Lanak dagoeneko hasi egin dira, eta espero da 24 hilabete irautea, hau da, bi urte inguru. Aurreikuspena da 2024ko Gabonetan ikasleak eraikin berrira mugitu ahal izatea.
Azken bi hamarkadetan Etxebarriko jaiotza-tasa altuak eta hazkunde demografikoak txiki utzi zuten egungo eraikina, 1978an inauguratua. Gainera, hazkunde demografiko horrek berak Etxebarri BHIn zegoen eskaintza handitzea ekarri zuen, eta, horregatik, 2015etik Batxilergoaren eskaintza sartu zen ikastetxean.
Gainera, espazio-arazoari gehitu beharko litzaioke egungo eraikinak ez duela irisgarritasun- irtenbiderik, ikasleei eta mugikortasun-arazoak dituzten gainerako pertsonei eraikineko goiko solairuetara sartu ahal izatea eragotziz; mendi-hegaletik gertuen dagoen aldean egitura-arazo batzuk gertatu zirela, lursaila finkatzearen ondorioz; eraikinaren energia-eraginkortasuna gaur egun eskatzen diren estandarretatik oso urrun dagoela, eta eguneratzean egin beharreko inbertsio hutsak inbertsio-kostu handia ekarriko zuela berez.
Tokiko gobernu-taldeak azaldutako arrazoi guztiengatik, duela urte askotik eskatzen ari zaio Eusko Jaurlaritzari instalazioen kalitatean aurrerapausoa ekarriko luketen konponbideak bilatzeko, eta etxebarritar gazteek beren ikasketak udalerriko zentroetan eta kalitatezko instalazioekin egin ahal izateko eskariari erantzun ahal izateko. Izan ere, ez dugu ahaztu behar gure gazteen % 60k baino gehiagok urtez urte egiten duela euskal eskola publikoan matrikulatzeko apustua, eta Udaletik beti egin dugula kalitatezko eskola publiko baten alde.
Azkenik, Hezkuntza Sailak hurrengo 2 urte eta erditan ia 14 milioi euroko inbertsioa suposatuko dituen eraikin berri bat altxatzea erabaki du, udalerriko irakaskuntza-eskaintzaren kalitatean aurrerapausoa izango dena.
Eraikin berri honek 20 gela izango ditu DBHrako eta beste 6 batxilergorako. Horrez gain, laborategiak, tailerrak, banatze-gelak, liburutegia, mintegiak eta abar hartzeko behar diren espazioak ere izango ditu .
Jakina, jantokirako, administrazio-gunerako, atezaintzarako, zuzendaritza-taldearentzako eta guraso-elkartearentzako bulegoak izango ditu.
Horretaz gain, gimnasio berri bat altxatuko da eraikinaren ondoan, eta pasabide baten bidez lotuko da gaur egun dagoen pista estaliarekin, instalazioen arteko igarobide guztiak barrualdetik izan daitezen.
Guztira 5.500 m2-ko azalera erabilgarria eta 6.300 m2-tik gorako azalera eraikia.
Eraikin berri bat, azken batean, etxebarritar gazteen beharrizanekin bat datorrena, eta gaur egun irakaskuntza-erabilerarako eraikin berri batek izan behar dituen segurtasun, energia-eraginkortasun eta erosotasunari buruzko araudietara eguneratutako instalazioak dituena.
Obrek prestatzeko lehen fase bat eta gauzatzeko 3 fase izango dituzte:
- 0. fasea: Egungo eraikinerako eta kanpoko kirol-pistarako sarbideak aldatzea eta egokitzea. Gutxi gorabehera hilabete bateko iraupena.
- 1. fasea: BHIren eraikin berria egitea. Aurreikusitako iraupena: 16 hilabete.
- 2. fasea: BHIren eraikina eraistea eta gimnasio eta aldagela berriak eraikitzea. Aurreikusitako iraupena: 6 hilabete.
- 3. fasea: Ingurunearen urbanizazioa osatzea. Gutxi gorabehera hilabete bateko iraupena.