Síguenos en redes sociales:

Apirilaren 17an itzuliko da Barakaldora Bagatza Antzerki Jaialdia

Antzerkia eta zirkua hartuko dute protagonismoa datorren astelehenetik aurrera Barakaldon, udalerrian bertan ospatuko den Bagatza Antzerki Jaialdia (BAJ) dela eta. Jaialdia dirauen egunetan kaleko hamar bat jarduera eskainiko ditu, guztiak doakoak.

Barakaldoko Udalak beste urte batez babesten du Malas Compañías antzerki-konpainiak eta beste zenbait taldek (Ibarra-Kaldu Elkartea, Bizkaiko Antzerki Ikastegia (BAI), Beurko Bagatzako Jaiak, Zirkodromoa, Minas eta Beurko zentroak, Ibaibeko guraso-elkartea) sustatutako Barakaldoko jaialdia. Aurten ere, programazioak bi zati ditu: eskola-umeentzat, astelehenetik ostegunera, eta, jende guztiarentzat, ostiraletik larunbatera.

Apirilaren 17, 18, 19 eta 20an, zortzi emanaldi egingo dituzte Zirkodomoko instalazioetan eskola umeentzat: Txanpola Teatroa: Tilin Hotsak; Dramagia: Mister Blacoren Misterioak; Zirika Zirkus: Eolo eta Badut Klown: Zirriborro. 

Ostiralean, 17:00etatik aurrera, Zirkodomoak antolatutako zirku-tailer bat egingo da eta egurrezko jolasak egongo dira, bai eta txotxongiloen emanaldi laburrak eta miniaturen antzerki ibiltariak ere, Pikuetos konpainiaren eta Lambearte kolektiboaren eskutik. Egunari amaiera emateko, Rojo Telón konpainiak antolatutako zirku-ikuskizuna izango da 19:15ean.

Larunbatean, 17:00etatik aurrera, Parkour ikuskizuna ikusteko aukera izango da, Alba Salazarren eskutik. Ondoren tailer bat emango du. Ordu horretatik aurrera, egurrezko jolasak eta txotxongiloen emanaldi laburrak izango dira 18:30era arte. Zirkodomoko ikasleek egingo duten zirku-jaialdiak emango dio amaiera jaialdiari.