Datorren larunbatean, martxoak 25, Naturaren aldeko Mundu Fondoak (WWF-k) antolatutako Planetaren Ordua ospatuko da mundu osoan zehar. Bada, urtero bezala, Getxoko Udalak bat egingo du planeta zaintzeko helburu duen ekimenarekin.

Aurrekoetan bezala, Udalak Andrés Isasi Musika Eskolako argiak, Areetako eta Arrigunagako hondartzetako paisaia-luminariak, Areetako kaiko eta Portu Zaharreko zelaiguneko argi apaingarriak amatatuko ditu ordubetez, 20.30etik 21.30era.

Argia itzaltzeko keinu sinbolikoari eusteaz gain, bigarren urtez jarraian, #KMPorElPlaneta #VueltaAlPlaneta erronka egitea proposatzen dute antolatzaileek, planetari buelta emateko 40.000 kilometro batuz hilaren 25era arte, oinez, korrika, igerian, bizikletan edo patinatzen.

WWFren arabera, “Zientzia argia da. Hamarkada honek inflexio puntua izan behar du, naturaren balioa aitortzeko eta, gure klimarekin batera, haen lehengoratzeari lehentasuna emateko. Badakigu datozen 7 urteak funtsezkoak direla zehazteko ea gure planeta-mugen barruan mantentzen garen, 1,5°C-ko muga klimatikoaren azpitik eta natura gehiagorekin eta osasuntsuago eta sendoago, edo ea ingurumen-degradazio atzeraezineko eta klima-aldaketa nabarmeneko egoerara igaroko garen, inplikazio sozioekonomiko guztiekin. 7 urte ez dira ezer, eta 2023 da lehena. Anbizio handiagoa eta bizkorragoa behar dugu, klima-aldaketak eta naturaren galera konbinatuak arriskuan jartzen baitute gure bizi-kalitatea eta etorkizuneko belaunaldiena”.

Udalak gonbitea luzatzen die getxotarrei naturaren aldeko ekintza honekin bat egin dezaten. Kanpainan parte hartzeko, eman ezazu izena esteka honetan.