Durangoko Udalak 400 metroko sare metaliko batekin babestuko du erreka, kalean botatako eta baranden azpietan geratzen diren hondakinak ibaira hel ez daitezen.

Horrela, sare horiek poltsak edo haizeak mugitutako gainerako objektuak blokeatu ahalko dituzte, ibaira eror ez daitezen.

Duela urtebete Andra Mari kaleko zubian egindako lehen probaren ondoren, udal arduradunek mota horretako instalazioak herriko hainbat lekutara zabaltzearen aldeko apustua egin dute.

“Andra Mariko frogan ikusi dugu burdin hesi metalikoei esker hondakinetako asko ez direla errekara erortzen, eta horren ostean garbiketa zerbitzuek jasotzen dituztela. Horrelako ekintza sinple batek ibaiak garbiago mantentzen lagun dezakeela uste dugu, beraz iaz eginiko apustua handituko dugu”, adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.

Hilabete honetan bertan bizikletentzako aparkaleku berriekin egin den bezala, Oinarrizko Lanbide Heziketako ikastetxeko ikasleek, beren ikasturtean egiten dituzten praktiken barruan, 40 metro jarriko dituzte Laubidetako zubian.

Bestalde, Udalak beste 14.000 euro inbertituko ditu Montevideo kaleko zubian eta Oiz, San Agustinalde eta Landako kaleetako barandetan 320 metro luzeerako metalezko sareak jartzeko. Udal arduradunek aurreikusi dute lanak Aste Santurako amaituta egon daitezkeela.

Amaitzeko, Garrastatxuk eta Riosek azken asteetan Intxaurrondoko Oinarrizko LHko zentroarekin egiten ari diren lankidetza nabarmendu dute: “Horrelako lankidetzei esker, bi helburu nagusi lortzen ditugu: alde batetik, ikasle horiek ikustea beren lanak gizarteari lagundu diezaiokeela, eta, bestetik, egiten duten lan horri ikusgarritasuna ematea”.