Galdakaoko Udalak inbertsio garrantzitsua egingo du Muguru parke inguruko irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko. Obra horien helburua Muguru landako lasaitasuna inguruetako kaleetara zabaltzea da. Lanak datorren astean hasiko dira.

Batetik, errepidea eta espaloia maila berean jarriko dira. Horrela, gurpildun aulkian doazenek, adibidez, inolako oztopo arkitektonikorik gabe ibili ahalko dute bertatik. Espaloiaren altuerarekin berdinduko den errepide hori asfaltatu inprimatukoa izango da, galtzada-harrien itxurakoa, eta horrek ibilgailuen abiadura moteltzea ekarriko du. Oinezkoei garrantzia emango zaie eta ibiltzeko leku gehiago ere bai, espaloiak handitu egingo baitira. 

Muguru kaletik Muguru parkera doan Sollube kalearen zatia, berriz, oinezkoentzakoa bihurtuko da erabat. Gaur egun bi espaloi eta errepidea dituen eremu hori plaza bihurtuko da: oinezkoentzako soilik izango da, eta zuhaitzak zein eserlekuak izango ditu. 

Haur eta mugimendu asko egoten den lekua da Muguru landako parkea eta, hori kontuan izanda, ingurua seguruagoa bihurtzeko asmoa du Udalak. Horretarako, autoen abiadura moteltzeaz gain, Solluben sortuko den parke itxurako eremu berri horretatik Muguru parkera igarotzeko zebrabidea sortuko da, orain arte ez baitu igarobiderik. 

Oinezkoei lekua egiteko ahalegin horretan, espaloiek aparkaleku batzuen lekua hartuko dute eta, hori dela eta, Muguru landa ondoko kalearen goialdean, Bizkai kaletik sartu eta eskuinaldean geratzen den aparkalekua bikoiztu egingo da. Era berean, zama-lanetarako guneak indartuko dira.